Hontza handia, berriro gure artean
Azken mendean populazioa gutxituta ikusi ondoren, gaur egun hontza handia zabaltzen ari da
Mikel Olano, basozaina
Istorio askoren protagonista da hontza. Basoko begirale fina denetik, jakintsu bezala irudikatzen dute ipuin askok. Hala ere, hontza hori baino askoz gehiago da. Hasteko, mota ugari dituen hegazti espeziea da. Horietako bat da hontza handia, erreportaje honetako protagonista.
Hontza handia (Bubo bubo) da gure artean dugun hontzik handiena. Europan dagoen gau-harraparirik handiena da: hegoak zabalduta 180 zentimetro izan ditzake eta 75 zentimetroko garaiera.
Mundu mailan nahiko hedatua dagoen hegaztia da hontza handia. Europa eta Espainia mailan ere nahiko populazio egonkorrak daude. Dena dela, gurean sekula ez da izan espezie ugaria. Bibliografia pixka bat arakatuz gero konturatzen gara aurreko mendeetan gure artean genuela hegazti dotore hau, baina sekula ez kopuru handietan.
XIX mende inguruan, eta gainontzeko harrapariekin gertatu zen bezala, asko jaitsi zen bere kopurua. Izan ere pozoia, tiroa eta abarrak nahiko ohikoak izaten ziren. ‘Alimaña’ bezala kontsideratuak izaten ziren eta sekulako kastigua pairatzen zuten.
Gaur da eguna poliki-poliki hontza handia bere lekua berreskuratzen ari dena eta Gipuzkoan gero eta ugariagoak dira espezie honen aipuak. Jada 2001ean, Gipuzkoako hegazti habiagileen Atlasean koadrikula bakar batzuetan aipatzen da espeziearen presentzia, baina beti ere hilik aurkitutako hegaztiak ziren.
2006. urtera arte itxaron behar dugu ale bat kantari eta bere lurraldea aldarrikatuz entzuteko. Segidan beste bi lurraldetan ere topatzen dira eta handik aurrera espeziearen aipuak etengabeak ditugu gaur arte. Azken urte hauetan, dakigula, Gipuzkoan bost leku ezberdinetan kumatu du eta beste bospaseitan posiblea edo probablea bezala azaltzen zaigu.
Hontza handien tamaina ezberdina
Emea arra baino dezente handiagoa izaten da. Dauzkan bi ‘belarriak’ eta bere begi handi eta laranja koloreak arreta deitzen dute. Mokoa eta atzaparrak ere oso indartsuak ditu. Nahiz eta gautarra den, tarteka egunez ere ikusi daiteke.
Bizilekuari dagokionez, harkaiztegiak gustuko dituen arren, habitat gehientsuenetara egokitzen da. Baso barruan ere bizi daiteke. Hala ere, ikusten oso zaila da eta bere presentziaz jabetu ahal izateko normalena entzutea da.
Negu partean, batik bat urtarrila edo otsaila aldera, arrak oso ozen kantatzen dute. Batzuetan emeak erantzuten dio doinu apalago batekin. Zirraragarria da ilunabarrean hegazti honen kantu sakona entzutea. Benetan naturak eskaintzen dizkigun momentu ahaztezinetako bat.
Ondo bidean, maiatza aldean kumeak handiak egoten dira eta kabi inguruak arakatzen hasten dira hegatu aurretik. Baina zer jaten dute Gipuzkoa bezalako lurralde batean? Beste lurralde batzuetan, adibidez Nafarroan, untxia da bere janari nagusia.
Gurean, kontrolatu ditugun habietan arratoiak ikusi ditugu, baina trikua da jana ematerakoan ikusi dugun ohikoena. Habietan hainbat hegaztien lumak ere topatu izan ditugu.
Dena dela, arazo larriak ere baditu gure hontza handiak. Larrienetako bat seguruenik linea elektrikoak izango dira. Jada hiru ale topatu ditugu beraien azpian hilik. Kontutan hartu behar da bertako posteak erabili ditzakeela ehizatzen ari den bitartean zelatan egoteko. Hegan hasterakoan, hegalekin kableak jo eta elektrokutatzeko arrisku handia daukate.
Bestalde ez da ahaztu behar babestutako espeziea dela. Bai Europan, bai Estatu mailan, baita Erkidego Autonomo mailan ere. Azkeneko honetan Bakana bezala sailkatua dago.
Goza dezagun ba hontzen artean errege den piztiarekin, hau da, hontza erregearekin.