Idiazabaldik Gurutzetako ermitara 2 kilometroan

Idiazabaldik Gurutzetako ermitara ibilbidea. Argazkia: Núñez

Idiazabaldik Gurutzetako ermitara 2 kilometroan

Idiazabalgo plazatik atera eta Gurutzetara igoko gara baserri artetik

Ibilbide laburra osatuko dugu, baina malda nahikoa duena momentu batzuetan. Idiazabalgo Elizaren ondoko plazatik abiatuko gara, elizaren atzetik igarotzen den Bikuña kalearen beste aldean ezkerretara goruntz doan bidetik jarraituko dugu. Hasieran desnibel nahiko duen aldapa da lehenengoa.

Minutu batzuen ondoren, etxe batzuen artean dagoen bidegurutze batera iritsiko gara. Eskuinetik joango gara, bi etxeen artetik. Ondoren, aldapa leunduko da eta ia lauak diren zatiak eta aldapatxoak tartekatuko dira bihurguneetan zehar.

Hamar minutu geroago, bidea behera egiten hasten denean, bigarren bidegurutze batera iritsiko gara, haztegi baten ondoan. Oraingoan, ezkerretara jarraituko dugu, bide lau eta, batzuetan, beheranzkoa den bidetik.

Bidean aurrera goazela, segituan ikusiko dugu Gurutzetako ermita mendi tontorrean. Itzulera bide beretik egin dezakegu, edota ibilbide zirkularra osatuz, baserrien artetik jaitsi gaitezke. Horretarako, ermitara iristeko azken bidegurutzean, aurrerantz joango gara, zementuzko bide batetik jaitsiz. Segituan, errepidera iritsiko gara, eta ezkerrerantz joko dugu, beheruntz.
Hamar minutu inguruko jaitsieraren ondoren, Toki Eder indiano etxearen ondotik igaroko gara, eta, metro batzuk beherago, kale Nagusira iritsiko gara. Elizara joateko, ezkerretarantz jarraituko dugu eta minutu gutxian iritsiko gara irteera puntura.

 

  • Iraupena: 45 min.
  • Zailtasuna: erraza
  • Desnibela: 78 m.
  • Distantzia: 2,5 km.
  • Irteera: Idiazabalgo eliza

 




Inguruan

Gurutzetako ermita

Idiazabalen jatorria Gurutzetako ermita inguruan egon zen eta oraindik ere bere inguruan ikus daitezke herriko baserri zaharrenetariko batzuk. Baseliza eraikin soila da, eta barruan Gurutzetako Ama Birjinaren irudia dauka, XIII. mende bukaerakoa. Ermitari itsatsita Seroretxea dago. Baselizan, gainera, Sebastian Elorza Anai agustindarraren oroigarriak daude, ermitatik gertu dagoen Arizkorreta-Saletxe baserrian jaio zena 1882an.




Indianoen etxeak

Historiako garai ezberdinetan asko izan ziren Ameriketara etorkizun bila joan ziren euskaldunak. Horietako batzuk aberastu eta itzuleran jauregi itxurako indiano-etxeak eraikitzen zituzten. Mota horietako eraikin gehien mantentzen dituen herrietako bat da Idiazabal, eta herrigunean zehar hainbat indiano-etxe ikus daitezke, besteak beste, Toki Eder, Jauregialzorenea, Pilarrenea, Bere Naia edota Txomenarene.

San Miguel eliza

Idiazabalgo San Migel Goiangeruaren eliza XVI. mendean eraiki zen. Oinplano errektangularra du hiru naberekin. Herriko seme ziren Martin Mitezar arkitektoak egin zuen proiektua eta Pedro Nafarrasagasti maisuak eraiki zuen. Nabarmentzekoa da sarrerako atea inguratzen duten sei arkiboltak, oinarrian zirkuluetan zizelkatutako ikurrak dituztela. Ikur hauen arabera, XII. edo XIII. mendekoa izan daitekeela uste dute adituek. Elizaren barruan Gurutzetako ermitatik ekarritako bataiarria dago. Erretaula 1743 urtean eraikitakoa da, eta elizaren alboetan beste erretaula batzuk ere baditu.

Horma-sugandila

Udako egun beroetan ohikoa da sugandilak bezalako animaliak hormatan zein zelaian eguzkia hartzen ikustea. Horma-sugandilak Iberiar penintsula iparraldean eta Europan daude hedaturik. Tamaina txikikoak dira, gehienez ere zazpi zentimetro neurtzen dituzte helduek, ar eta emeen arteko ezberdintasunik gabe. Kolore gris arrekoak dira, baina kasu batzuetan tonu urdinxka edo berdexka ere izan dezakete. Beti ere, alboetan marra beltz antzeko bat izaten dute, eta batzuetan, baita puntu beltzen ilara bat goiko aldean ere.

 


Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. 

 




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta