Ikaztegietatik Uganera erreka bazterretik
Tolosako Aldabako zati den Ugane auzora joango gara Ikaztegietatik abiatuta
Ibilaldia Ikaztegietako plazan hasiko dugu. Elizaren aurretik pasa eta trenbide gaineko zubia gurutzatuz, errepidearen ondoko espaloitik, eskuinerantz, Legorreta aldera joango gara. Bost bat minutu ibili ondoren, tren geltokiaren ondotik igaro eta kiroldegira iritsiko gara.
Hortik aurrera bidegorritik joan gaitezke, autobideko zubiaren azpian dagoen aparkalekuraino. Bertan, eskuinera ateratzen den errepidetik egingo dugu aurrera, Oria ibaiaren ertzetik.
Segituan trenzubiaren azpitik pasako gara eta, aurrera eginez, lauzpabost minutu ibili ondoren, errepidearen bihurgune batera iritsiko gara. Aurrera jarraituko dugu, baina hemendik aurrera Ugaran errekaren ondotik.
Ibilbidea hasi eta hogei minutu inguru daramatzagunean, bidea bitan zatituko da. Errepide nagusitik jarraituko dugu, erreka gurutzatuz eta Tolosako Aldaba auzoko lursailetara pasaz. Errota Berri, Errota zar eta zentral elektrikoaren ondotik igaroko gara aurrena, eta hemendik aurrera, igoera eta jaitsiera leun batzuk ditu bideak. Azken igoera luzeago baten ondoren, hamar minutu inguruan Ugane auzora iritsiko gara.
Itzulera bide beretik egin dezakegu edo mendi-bide batetik bueltatu gaitezke. Horretarako, bi baserrien artetik pasa eta eskubira doan bidetik jarraituko dugu. Bidea jarraituz, trenbidearen ondoan agertuko gara. Bertatik, joaneko bide beretik bueltatuko gara plazara.
- Iraupena: 1 o.
- Distantzia: 5 km.
- Zailtasuna: erraza
- Desnivela: 65 m.
- Irteera: Ikaztegietako plaza
Inguruan
Ugane auzoa
Bertara iristeko modu bakarra Ikaztegietatik den arren, Ugaran auzoko biztanleak Tolosako Aldaba auzoko parte dira. Izena ‘ur’ eta ‘haran’ hitzen elkarketatik dator, eta adierazten duen bezala, errekak zeharkatzen duen bailara laua da. Errekaren izena ohikoa da inguruko baserrietan Ugaranbarrena, Ugasaletxe eta Ugarangoena esaterako. Bi errota ere baziren garai batean, Errota berri eta Errota zar, eta zentral elektrikoa ere badago.
Herriaren sorrera ezezaguna da, baina dokumentuetan ageri denez, 1374. urtean Tolosara batzen da bere babesa bilatuz. Inguruko beste herri askoren antzera, 1625ean lortu zuen berriro herri independente izatea. Herrigunean oraindik antzinako jauntxoen etxe batzuk badaude. Horietako bat da Loperdi etxea, errepidearen ondoan dagoena. Historiak dioenez, ura zeukan herriko etxe bakarra izan zen urte askotan, eta bertako jabe zen Bernardino de Arsuagak eguerdian ateak irekitzen zituen herritarrek ura hartu zezaten. 1984an etxearen jabeek Atzegiri eman zioten erabilera, desgaitasun intelektuala zuten pertsonak bizitza independentea egin ahal izateko, eta duela 18 urte beste donazio bati esker, elkarteak etxea erosi ahal izan zuen, zerbitzua osatuz.
Pilarreko baseliza
Legorretara bidean, Ikaztegietako herrigunetik kanpo dago Pilarreko Andra Mariaren baseliza, autobideko zubiaren ondoan. Gipuzkoako Pilarreko Andra Mariari eskainitako ermita bakarra da. Aurretik bidearen bestaldean Santiagoren izenpean zegoen XVI. mendeko ermita baten ordez eraiki omen zen, eta diotenez, Ikaztegietako apaiz batek eraiki zuen XIX. mendean, Zaragozako basilikan Pilarreko Andra Mariari egindako irainaren kalte-ordain gisa.Gaur egun Santiago zein Pilarreko Andra Mariari eskainia dago.
Txantxangorri aldizkaria etxean jaso nahi baduzu, erreportajeak online argitaratu aurretik, egin zaitez harpidedun hemen.Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. |