Iñaki Gorostidi: «Harri handiei konponketak egitetik hasi nintzen miniaturak egiten»
Iñaki Gorostidi > harri-jasotzaile ohia eta artisaua
Harri-jasotze munduan sartuta, hain ondo ezagutzen zituen harri handien kopia txikiak egiten hasi zen Iñaki Gorostidi. Ordutik «milaka» harri txiki egin ditu eta munduko hainbat etxeetan ere badaude berak egindako beste hainbat lan, oroigarri moduan oparituak.
-Zein materialekin lan egiten duzu?
-Gehiena harri kalizarekin. Egurra ere erabiltzen dut, granitoa ere, baina kaliza gehiago. Hemengo harriak dira erabiltzen direnak. Lanerako erraza ere bada, baina hemengo harria ere bada eta hemengo jeneroekin lan egiten dugu gehiago.
-Nondik lortzen duzu harria?
-Bergaran enkargatzen ditut. Kontainerretan ere hainbat puska egoten dira eta hartzeko baimena eskatu eta arazorik gabe ematen dizute.
-Nolatan hasi zinen?
-Harri-jasotzeari utzi nionean harri handiei konponketa batzuk eta egiten genizkien eta hortik hasi zen ideia, duela 25 urte-edo. Lehendabizi harri txikiak egiten hasi nintzen eta, urte batzuk eman ondoren, lauburu bat, frontoi bat, poesia bat… egitearena etorri zen. Hor, dena bezalaxe, mundu bat irekitzen zaizu eta oraindik pieza berriak egiten ari gara. Barietate handia egin dugu.
-Zergatik uste duzu gustuko dituela jendeak zure lanak?
-Harri honek hemengo kultura irudikatzen duela uste dut. Ez da Bizkaia, ez Gipuzkoa, ez Lapurdi, baizik Euskal Herriko zerbait, gure lanetik datorren kirol bat. Askotan opari bat bezala eramaten da, ez dut uste gauza askorik dagoenik opari bezala eramateko hemen sustraiak dituena.
Harri bat eramaten duzu eta badakizu Euskal Herritik datorrela. Azpimarratzeko esan bost kontinentetan badaudela gure harriak. Jendeak esaten digu ‘hau Japonera dijoa, hau Txinara, hau Afrikara…’. Hemendik zerbait berezia eramateko erabiltzen ditu jendeak.
-Harrietan harri handien tamainak errespetatzen dituzu edo asmatuak dira?
-Errekorra 329 kilo jasota dago eta jendeak 300koa baino 329koa lehenago eramaten du. Horregatixe da. Baina bestela berdin da, hasi 100etik eta 329raino edozein jarri daitezke, baina normalean topekoak jartzen dira.
-Jendeak badaki errekorra hori dela?
-Bai, jendeak gero sartzen du Perurenarena. Ez errekorra daukalako, ezaguna delako baizik. Errekorra Saralegirena da. Perurenak beste errekor batzuk dauzka beste harri batzuekin. Hor beste mundu baten sartzen zara. Jarri daitezke 200ekoak 225ekoak, 212 t’erdikoak, 215ekoak, eta hortik gora.
-Hainbeste urte eta gero pasadizorik izango duzu.
-Hasieran postua dekoratzeko benetako 200 kiloko harria eramaten nuen, gogoan dut. Garai hartan harriak bakarrik neramatzan. Azokak festa egunak izaten dira, jendea jai-giroan egoten da. Harria jaitsi nuenean esan nien ez ukitzeko. Jendeak zioen ‘hau nik jasoko dut’. Nik esaten nien ‘kontuz, min hartuko duzu’.
Deskargatzen nuen bitartean batek harria hartu eta alde batera jarri zuen, jasotzeko intentzioarekin, baina harria beherantz zihoan eta ez zuen askatzen. Azkenean behatzak harrapatu zituen, puskatu egin zitzaizkion. Ez dakit zer gertatuko zen haurren bat edo izango balitz. Ordutik, harri handia berriro ez eramatea erabaki nuen.
Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. |