Izazpiko Igoeraren IX. edizioa egingo da maiatzaren 11an
Izazpiko Igoeraren errekorra gainditzen duen lasterkariak 500 euroko sari berezia irabaziko du
Ataundik Izazpiko gainerako lasterketak aro berri bat hasiko du aurten. 1978. urtean Jose Antonio Aranzadi ezkiotarraren eta Joxe Aierbe ataundarraren arteko apustuak jarri zuen markak, IX. edizioa ospatuko du aurten. Datorren maiatzaren 11an jokatuko da «aro modernoko» mendi lasterketa. Ezkioko Argindegi ostatuaren parean hasiko da, Izazpiko puntara heldu eta berriz ere hasierako puntura iristerakoa amaituko da proba.
Lasterketa honen marka 1982.ean ezarri zuen Pello Garin zizurkildarrak: 31 minutu eta 26 segundo behar izan zituen probaren 6,3 kilometroak betetzeko. 2017an Aritz Egea hobetzetik oso gertu egon zen, baina 18 segundo gehiago behar izan zituen lasterketa amaitzeko. Errekor hori XXI. mendera ekartzeko erronkak, hortaz, indarrean jarraitzen du eta aurten ere 500 eurotako sari bat gordeta du antolakuntzak denbora hori hobetzea lortzen duenarentzat.
Zabalik dago jadanik lasterketan parte hartzeko izena ematea. Horretarako, 697.502.025 telefonora deitu edo www.kirolzale.eus web orrialdean. Lasterketako irabazleak txapela eta 150 eurotako saria eramango ditu, podiuma osatzen dutenek ere izango dute trofeorik eta lehen ezkiotarrek ere izango dute saririk.
>Baina sari eta markez harago, Ezkiotik Izazpirako igoera honen ezaugarririk nagusiena bere herri lasterketa izaera eta parte-hartzea da, horregatik umeen lasterketa bat ere egingo da proba nagusia baino ordu bete lehenago, hau da maiatzaren 11ko 10:30ean.
Bestalde, nagusien mailako korrikalariek ordu horretan dortsala jasotzeko tartea izango dute eta kamiseta bat emango zaie opari. Gaztetxoek motxila bat eramango dute oroigarri. Gainera, elastiko eta motxila hauek Ezkioko Argindegi ostatuan daude salgai proban parte hartu gabe lasterketa lagundu nahi dutenentzat. Kamisetak 8 eurotan eta motxilak 4tan erosi daitezke. Biak batera erosita, 10 euro ordaindu beharko dira.
Izazpiko Igoera gora-behera desberdinekin mantendu da azken hamarkadatan. 2016. urtean San Migeletako jai batzordekoek berreskuratu zuen eta ondoren, EzkiOn MartxaN kirol klubekoekin elkarlanean segida eman zioten.
Txantxangorri aldizkaria etxean jaso nahi baduzu, erreportajeak online argitaratu aurretik, egin zaitez harpidedun hemen.
Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. |