Jazz-a errege Goierrin
Goierriko Jazzaldiak hamargarren urteurrena ospatuko du aurten egitarau bereziarekin
Amaia Núñez Yarza
Musika estilo ezagunenetakoa da jazz-a eta Estatu Batuetako klubetan sortzeak ematen dion izaera horri esker, zaletu ugari ditu munduan zehar. Gipuzkoan badira musika mota honi eskainitako jaialdiak, Donostian eta Hondarribian esaterako, baina Goierrin ere antolatzen da jazzaldia. Aurten hamargarren ediziora iritsiko da, uztailaren 5etik 8ra egingo den egitarauarekin.
Jazz musika gustuko zuten lagun talde baten proiektua izan zen Goierriko Jazzaldia. «Goierriko biztanleei jazz-a gerturatzea» izan da jaialdiaren helburu nagusia 2013an lehen aldiz antolatu zutenetik eta dagoeneko bete dutela argi dute. Eskualdean eta inguruko bailaretan ezaguna da Goierriko Jazzaldia eta musikarien artean ere sona hartu du, urtero bertan parte hartzeko proposamenak jasoaz. «Parte hartu duten musikariaken izenak gogoratzen haste soilak, orain arte eginiko lana eta pausoz-pauso jorraturiko ibilbidea garrantzitsua eta arrakastatsua izan dela erakusten digu», aitortzen dute.
Urteren batean edo bestean bertan izan dira, besteak beste, Hasier Oleaga, Afrika Bibang, Iñaki Salvador, David Pastor, Rachel Terrien, Juan de Diego, Victor de Diego, Alberto Arteta, Maria Yfeu, Valmuz, Raven, Trizak, Angel Unzu, Buffalo, Funky Steps and the Sey Sisters, Juan Ortiz, eta abar. «Gure gogoko taldeak aukeratzen ditugu, batzuetan beraiek luzatzen digute etortzeko proposamena ere. Baina gero, noski, daukagun aurrekontura egokitu behar gara», diote.
10 urte, egun bat gehiago
Aurten 10. ediziora iritsi dira eta urteurren borobil hori ospatzeko egitarau berezia antolatu nahi izan dute. Ohiko Jazzaldia antolatzeko finantzazioa bermatuta, erakunde publiko zein enpresen eskutik, egitaraua osatzen lagunduko zien kanpaina bat jarri zuten martxan otsailean. Lortutako diruarekin, egun bat gehiago luzatu dute jazz musikaren jaialdi goierritarra.
Ordizia eta Arama artean egingo dira kontzertu zein ekitaldi guztiak. Asteazkenetik ostiralera Ordizian egingo dira, Plaza Nagusiaren inguruko taberna edota lekuetan. Larunbatean, uztailaren 8an, berriz, ohi bezela, Aramako parkean egongo da eskenatokia. Lau emanaldi izango dira: 13:00etan JAC (Jaime Alvarellos Correcher) galiziar abeslari eta gitarrista izango da Ritxi Salaberria eta Gorka Gaztanbiderekin batera osatu duen blues hirukote berria aurkezteko. Kontzertuaren errepertorioa kantu originalek eta Goierriko Jazzaldirako egokitutako konposaketa tradizionalek osatuko dute.
Arratsaldean, aldiz, David Pastor Quartet zuzenean ikusi eta entzuteko aukera egongo da 18:00etan eta, 21:00etan Jessica Pina tronpeta-jotzaile portugaldarra. Madonnaren ‘Madame X’ biran parte hartu eta Portugalera itzuli ondoren, ‘Vento Novo’ EP-an zentratu da. Nazioarteko jaialdietan aurkeztu ondoren, Euskal Herrira bere lehen bisita izango da Goierriko Jazzaldikoa. Ondoren, Goierriko Jazzaldiaren 10. edizioari DJ Jon Ritter Ordiziarrak emango dio amaiera.
Hala ere, jaialdiaren tokiko izaerari eutsita, bertako musikari gazteak ere entzuteko aukera egongo da eta horrela, aurten ere ez da faltako Ordiziako Musika Eskolako musikari gazteek osatutako taldea. Hori ostiral arratsaldean izango da eta, iluntzean, Arima Soul talde gipuzkoarraren txanda iritsiko da. Donostiako Jazzaldian egon eta gero, Ordizian entzun ahal izango da 60 eta 70 hamarkadako Rhythm & Blues, Soul, Funk eta Jazz-Groove taldeen eragin argia duen talde hau.
Pingback: Txantxangorri 126. alea - Txantxangorri Aldizkaria