Jose Ramon Agirre ‘Marron’: «Mendian jartzen dugun helburu horretan satisfakzio handia aurkitzen dugu»
Mendizaletasuna eta hegan egitea uztartzen ditu gaztetatik Jose Ramon Agirre ‘Marron’ek
Gaur egungo teknologiak paisaiak txorien ikuspegitik gozatzeko aukera ematen du, baina hegan egitearen sentsazioa paregabea da eta gizakiak betidanik amestu du horrekin. Jose Ramon Agirre ‘Marron’ek mendizaletasunarekin uztartu du hori gaztetatik. Bata zein bestea, estuki lotuak ulertzen baititu. «Airean flotatzea guretzat mendia izan den eszenatoki horretan aurkitzen duzun beste dimentsio bat da», aitortzen du. «Oraindik irauten didan pasioa zen niretzat».
Bera ia mendian jaio zela esan daiteke. Ataungo Aia auzokoa, gaztea zela hasi zen mendira igotzen, 14-15 urte zituela. Mendiaren ibilbide horretan etxeko mugetatik haratago eraman zuten bere pausoek. «Aralar, Pirineoak, Alpeak… Bide hortan beti nere buruan amesten nuen hegan egitearekin». Hala ere, garai hartan oraindik urrun zegoen aukera hori, Euskal Herrian ez baitzegoen «ez tresnarik, ez ezagutzarik, ez ikasteko modurik». Liburu batean irakurri zuen lehen aldiz ‘ala delta’ izeneko aparaituaz, eta aukera sortu zitzaion bezain pronto animatu zen ikastera. «76-77. urtea izango zen. Alpeetan bazeuden hori probatu zuten pertsona batzuk. Eta 83an, Irunen eskola bat ireki zen. Orduan hasi ginen ala delta ikastaro bat egiten. Alemaniar bat etorri zen, lehen erronkak izan ziren», gogoratzen du Agirrek.
Txindokin egin zuen lehen ‘hegaldia’, Larraitzen lur hartuz ondoren eta ordutik, erronka ugari gainditu ditu: «altueran egin zen lehen hegaldia Ekuadorren izan zen, Chimborazon. Eskolako begiraleak eta biok antolatu genuen espedizioa».
Gerora, Txileko Ojos del Salado, Patagonian, Aconcaguan… hegan egin zuen. Himalayan ere hegatu zen Agirre: 1987an Annapurnara egindako espedizioan ez zuen parapentea eraman, baina bai bost urte beranduango Makalun, Goierriko Kantxuntxen espedizioarekin, 7.600 metrotara, «8.000 metro inguruko mailara igo nintzen, haize dexente zegoelako». Urtebete geroago Everesteko gailurra zapaldu zuen, baina orduan ere ezinezkoa izan zitzaion hegan egitea.
Izan ere, hegaldi bateko maniobra arriskutsuenak aireratzea eta lurreratzea dira. «Arreta guztia %100ean jarri behar duzu» eta behin airean, «gozatu». Momentu horretan, «erlaxatu» eta «gustura sentitzen zara». Aurretik egin behar izan zen sakrifizioaren saria.
Hastapenetatik, mundu horiasko aldatuda, bai oihalen aukera zabalagatik, baita iragarpen meteorologikoek eskaintzen duten laguntzagatik. Ala deltaz gain, parapentea ere egiten du, baina Agirrek nahiago du lehena. «Ala delta batean esekita zoaz, trapezio bat dauka eta zuk trapezioa mugitzen duzu eta grabitate-ardatza mugitzen duzu. Azkarrago egiten duzu hegan. Hegaldi-sentsazioa atseginagoa da», azaltzen du.
Bere helburua beti izan da hegan egitea eta mendira igotzea bat egitea. Belaunaldi berrietan hori botatzen du faltan. «Belaunaldi berriak etorri dira, bela berriak, estrategia berria, planteamendu berriak eta mendiarekin gu bezain lotuta ez dagoen parapentea bideratzeko beste modu bat. Eszenatoki horretan hegan egiten dute, baina beraien helburua ez da mendira igotzea, eta gure helburuen artean mendira igotzea dago. Hegan egitea gustatzen zait, baina beti gustatzen zait mendiarekin uztartzea», argitzen du.
Txantxangorri aldizkaria etxean jaso nahi baduzu, erreportajeak online argitaratu aurretik, egin zaitez harpidedun hemen.
Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. |