Lemniskata Zientzia elkartearen ‘Urtarrila Matematikaren bila’ zikloa lau hitzaldi eta bi erakusketekin
X. Lemniskata Nazioarteko Matematika Argazki Lehiaketako sari banaketa ere egingo dute
Lemniskata Zientzia elkarteak ‘Urtarrila matematikaren bila’ zikloarekin hasiko du urtea. Lau hitzaldi, bi erakusketa eta Nazioarteko argazki lehiaketako sari banaketak osatuko dute aurten zikloa.
Urtarrilaren 12an, ostirala, ‘Eulerren formula poliedrikoa: bitxi matematiko bat’ hitzaldia eskainiko du Jose Ignacio Royok Beasaingo Igartza Jauregian, 19:00etan. Bertan, Eulerren formula teoremaren jatorria eta frogatzeko saiaketak aztertuko ditu, baita formula horri esker sortu diren matematikak. Eulerren formulak poliedro baten ertz, erpin eta aurpegi kopuruen arteko erlazioa deskribatzen du, matematikaren teorema eder, emankor eta sakonenetariko bat sortuz.
Gainera, Judith Rivas-ek matematika eta euskal dantzen arteko erlazioa azalduko du urtarrilaren 19an Igartza Jauregian emango duen hitzaldian, eta hilak 26an, makina geometriko zaharrak izango ditu hizpide Alvaro Martinezek.
Otsailean matematiken edertasunari eta botere ezkutuaren inguruan hitz egingo du Santiago Fernandezek.
Erakusketak
Lemniskata elkarteak erakusketak jarriko ditu datozen asteetan bere lana ezagutzera emateko. Horrela, urtarrilaren 29ra bitartean, argitaratu gabeko Goierriko argazki zaharrenak ikusteko aukera egongo da Lazkaoko Kultur Etxeko aretoan.
Otsailean berriz, X. Lemniskata Nazioarteko Matematika argazki lehiaketako lan aukeratuekin erakusketa egingo da Beasaingo Igartza Jauregian hilaren 2tik 11ra.
Erakusketaren lehenengo egunean, otsailaren 2an, ostiralean, argazki lehiaketako sari banaketa egingo da, Igartza Jauregian bertan 19:00etan.