Lizartzako uraren bidetik

Lizartzako uraren haranetik. Argazkia. L.M. Núñez

Lizartzako uraren bidetik

Araxes ibaiaren ondotik Lizartzako herrigunetik Irunzubiraino joango gara

Madalena ermitatik aterako gara eta errepide ondotik joanez, mendialdera igotzen den herri bidean gora egingo dugu. Gaztelura igotzeko antzinako bidea da. Minutu gutxitan, aldapa gogorrena leundu eta oinez 10 minutu daramatzagunean, errepide batera aterako gara. Ezkerrera, beheruntz, hartuko dugu, errepide nagusira iritsi arte.

Behera iritsitakoan, errepidea gurutzatu eta eskubira joko dugu. Metro gutxitara herrigunera sartzeko zubira iritsiko gara. Zubia gurutzatu eta eskuinera dagoen lehen baserria igaro ondoren, eskuinera hartuko dugu. Bide hori jarraituko dugu erreka ondotik.

Ia ordu erdiko bidea daramagunean, etxe bat ikusiko dugu eta ezkerretara goruntz ateratzen den bidetik joango gara. Aldapan gora, baserri batera iritsiko gara. Eraikinaren ezkerretik igaroko gara eta pasa bezain laster aldapan behera hasiko gara. Berriro erreka ondora iristen garenean, metro gutxitara beste baserri bat aurkituko dugu. Horren atzeko bidegurutzean, eskubitara, beheruntz doan bidea hartuko dugu.

Gutxira azkeneko baserrira iritsiko gara. Bidean aurrera egingo dugu. Segituan porlanezko bidea mendi bide bihurtuko da. Hasieran nahiko laua da, baina gutxira aldapa gora hasiko da eta langa bat igaro bezain laster, bidea beherantz hasiko da. Urtegiaren ia parean, berriro errekaren maila hartuko du bideak gutxi-gora behera eta berau jarraituko dugu. Bidearen eskunera garai bateko kanala dago oraindik eta Irunzubi industriaguneraino doa. Behin bertan, bide beretik egingo dugu itzulera.

  • Iraupena: 1 o.
  • Distantzia: 3 km.
  • Zailtasuna: ertaina
  • Desnivela: 67 m.
  • Irteera: Lizartza




Inguruan

Lizartza herria

Eskualdeko beste hainbat herriren kasuan bezala, Lizartzako lehen erreferentziak 1374. urtekoak dira. Tolosara batu ziren gudetatik eta boteretsuen gehiegikerietatik babesteko. Lau mendeko elkartearen ondoren, XVI. mende amaieran independentzia eskatu zuen, 1802an lortu zuena, hamabi urte itxaron eta gero. Herrian etxe eta baserri ugari nabarmentzen dira. Udaletxea 1659ko eraikina da eta, zaharberritu bazen ere, landa-izaerari eusten dio, balkoi jarraitua eta egurrezko bilbadura baititu fatxadan.

Madalena ermita

Herrigunearen sarreran Magdalena ermita aurkitzen da errepide ondoan. Gaztelutik datorren bidearen oinean eta herrigunera gurutzatzen duen zubiaren aurrean. XVII. mendean eraiki zuten eta, adituek diotenez, leku hori aukeratu zuten herrira gaixo iristen ziren ibiltariak herrira sartu aurretik bertan artatuak izan zitezen. Aurrealdeko fatxadaren gainean burnizko kanpai-horma du. Barrualdean, aldare nagusiaren gainean ‘zeru’ izeneko estruktura nabarmentzen da, presbiterioa hautsetik babesteko, eta Gipuzkoan gaur egunera bitarte iraun duen gutxienetakoa.

Zentral hidroelektrikoa

XIX mendearen bigarren erdialdean uraren indarra elektrizitatea sortzeko erabiltzen hasi zen eta XX. mendeare hasierara bitartean hainbat zentral hidroelektriko sortu ziren Gipuzkoan, enpresei zein herriei zerbitzu ematen zietenak. Lizartzan bi kokatu ziren: Central Hidroelectrica de la Electra del Araxes, gaur egun makineria mantentzen duena, eta Electra Usabiaga. Azken hau tamaina txikiagokoa da, bietan zaharrena da eta urte gehiago lanean aritu zena. 1940ko hamarkadatik aurrera Elduako Zaragüeta paper-fabrikarako energia sortu zuen.

Hidro-metereologia estazioa

Araxesko urjauziaren ondoan, estazio hidro-metereologikoa dago. 2011ko martxoan jarri zen martxan, Gipuzkoako Foru Aldundiak bertan ur-emaria neurtzeko eraikitako estazioan. Jasotzen dituen datuak ia zuzenean kontsultatu daitezke Euskalmet Euskal Metereologia Agentziaren web orrialdean. Haizea, aireko tenperatura, hezetasun, uraren tenperatura eta prezipitazio datuak jasotzen ditu, besteak beste, baita uraren kalitateari dagozkion beste batzuk ere.

 

Txantxangorri aldizkaria etxean jaso nahi baduzu, erreportajeak online argitaratu aurretik, egin zaitez harpidedun hemen.


Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. 

 




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia