Loreen udaberriko kolore eta zaporeak

Loreen udaberriko koloreak eta zaporeak

Loreen udaberriko kolore eta zaporeak

Loreek garaian garaiko berezitasuna eskaintzen diote platerei

Amaia Núñez Yarza
Udaberriarekin batera, loreak nagusi dira zelai eta lorategietan. Askotan apaingarri gisa bakarrik erabiltzen badira ere, inguruko berdeguneetan topatu ditzakegun loreetako batzuk jan egin daitezke. Azken urteetan ezagun egin da kuia eta kalabaza bezalako barazkien loreak jatea, mexikar kulturek jada egiten zutena.

Hala ere, loreak jasotzen hasi baino lehen, kontuan izan behar da hauek biltzeko aholku batzuk. Izan ere, loreen kasuan beraien jatorria ezagutzea guztiz beharrezkoa da, giza-kontsumorako arriskutsuak izan daitezkeen pestizida eta abonoak bota izan diezazkietelako. Horrela, komeni da laborantza ekologikoa izatea edo gutxienez, pestizida eta abonorik erabili ez dela ziurtatzea. Gainera, jasotzeko, hoberen daudenak aukeratu behar dira, ahal bada goizean goiz, bero gehiegi egiten hasi aurretik.

Jangarriak diren lore askotan, landarearen zati bat baina gehiago erabili daiteke. Txikori-belarra (Taraxacum officinale), adibidez, ia osorik jan daiteke, bai loreak, bai hostoak eta sustraiak ere sendagai gisa erabiltzen baitira. Beste kasu batzuetan, agian hostoak edo haziak bakarrik jan daitezke, eta badaude guztiz toxikoak diren loreak ere, adelfak adibidez. Beraz, aurrean dugun lorea ondo ezagutzea oso garrantzitsua da.

Loreen kasuan, petaloak bakarrik hartu daitezke, estanbre, pistilo eta oinarria bertan utzita, oinarriak zapore garratza ematen dio-eta. Berdin gertatzen da jangarriak diren loreen hostoekin; behin loratuta, zapore garratzagoa izan ohi dute batzuk. Batzuk, gainera, urteko uztako fruituak emango dituzte, beraz, ez da komeni gehiegi jasotzea, fruiturik gabe geratu nahi ez badugu. Badaude, hala ere, lorea ireki aurretik lore-begia osorik jan daitezkeenak, eguzki-lorea kasu, orburuak bailitzan jan daitekeena.

Jaso ondoren, jateko prestatu aurretik, ur ho-tzarekin garbitu behar dira eta ondo lehortu paper xurgatzailean edo, lore osoa badaukagu, buruz behera zintzilikatuta. Ez dute gehiegi irauten, beraz, behar ditugunak soilik hartzea da komenigarriena.




Koloreekin jokatzea

Egunerokotasunean hainbat lore ditugu elikagai, azalorea eta brokolia adibidez, baina lorategietan ikustera ohituta gauden espezieek platera koloretsuago bihurtzen dute. Entsaladetan erabiltzen dira gehien, koloreekin jokatzeko aukera ematen baitute. Horrela, letxuga eta tomatearen ohiko berde eta gorriari, bioletak eta kaputxinen laranja tonuak bizitasuna ematen diote, baita zapore berriak ere.

Bestelako plateretan erabili daitezkeen loreak ere badaude, kalendula adibidez. Lore laranja hau ‘azafrau merkea’ bezala ere ezagutzen da, antzeko zaporea ematen baitio. Gainera, arrautzeztatuta ere jan daitezke, kalabazinaren loreekin egiten den antzera.

Barazkien artean, platerei kolorea eta zaporea ematen dioten beste adibide bat da tipulinarena. Landarea hazten uzten den kasuetan, lore moreak ateratzen ditu, jangarriak direnak. Nola ez, tipulinaren zaporea dute, hori bat, leunagoa. Entsaladez gain, haragi eta arrainen plateretan lagungarri izan daiteke lore hau.

Plater nagusiez gain, postreetan ere erabili daitezke loreak. Koloreekin jolastera animatzen duen ohituraz gain, puntu berezia eman diezaioketen landareak daude. Horrela, laranjondo zein limoiondoen lorea izozki zein zukuetan erabili daiteke.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta