Mahatsak, milurteko fruta osoa
Antzinatik kontsumitu izan dira mahatsak, dituzten propietateengatik eta kontserbatzeko aukerengatik
Agurtzane Núñez Yarza
Mahatsak urteko azken eguneko protagonista izan ohi dira, hamabi ale horiek duten elikagaiari garrantziarik eman gabe. Milaka urte dira mahatsa Mediterraneo itsaso inguruko herrietan lantzen hasi zirenetik, eta dituen propietateek bertako herrialdeetan ia oinarrizko produktu izatera bultzatu zuten. Neolitiko garaian jada landatzen zen mahatsa, eta gaur egun munduak hiru mila barietate inguru daudela kalkulatzen da.
Mahatsak hiru modutara kontsumitu daitezke: bere horretan jateko, ardoan eta mahaspasak bezala. Hirurak oinarrian fruitu bera badira ere, barietate ezberdinak erabiltzen dira bakoitzarentzako, egokienak dituzten ezaugarriak aprobetxatuz. Kolore aldetik, zuriak eta beltzak ezberdintzen badira ere, tarteak berde, more zein arrosa koloreko fruituak dituztenak aurkitu daitezke. Udan zuhaitzean hazi ondoren, udazkenean iristen dira etxeetara.
Mahairako mahatsondoak eguraldi epela edo beroa behar dute, horregatik, Espainian adibidez, Mediterraneo isurialdeak landatzen dira gehienbat. Fruituak handiagoak dira, azal finarekin, eta beroa bai, baina eguzki sargoria ez zaienez gustatzen, gehienetan zuhaitzak ez dira kimatzen eta hostoen azpian hazten dira mahatsak.
Ardotarako, berriz, mahatsondoek lehorteak ametitzen dituzte, baina izotza ere onartzen dute. Horregatik, lurralde hotzagoetan landatu ohi dira. Mahatsondo horiek, txakolina egiteko erabiltzen diren Hondarribi Zuri eta Hondarribi Beltza kasu, fruitu txikiagoa, azala lodiagoa eta hazi gehiago dituzte. Ezaugarri horiek ardoa egiterako orduan garrantzia izugarria dute: fruitu txikiagoa izatean azukreak kontzentratuago daudelako eta azalak zein haziek fermentazioan ezaugarri bereziak gehitzen dizkiotelako edariari.
Mahaspasak, berriz, eguzkitan zein mekanikoki lehortutako fruituak dira. Antzina, goxoki naturalak ziren eta gaur egun hainbat errezetatan aurki daitezke. Horretarako, fruitu txikiak eta hazirik gabekoak erabiltzen dira. Hiru barietateko mahatsondoak izaten dira bereziki: Moscatel, Sultana eta Corinto.
Energia iturri
Mahatsak gehienbat urez osatuta daude, ehuneko 80 inguru, eta horregatik jateko errazak dira, batez ere udako egun beroetan. Gainerako gehiengoa karbohidratoak dira, hau da, glucosa, fruktosa, eta abar, eta horrek energia-iturri egokia izatea egiten du. Hori bai, mahats beltzak zuriak baino kaloria gehiago ditu, 110 eta 75, hurrenez hurren.
Bitamina iturri garrantzitsua ere badira mahatsak. B taldeko bitaminak, betakarotenoak eta C bitamina ditu, baita mineralak ere, besteak beste, potasioa, magnesioa, kaltzioa, azufrea eta burdina.
Gainera, ikerketen arabera, mahatsek, bereziki beltzek eta gorrixkek, resveratrola daukate, antioxidatzailea dena, taninoekin batera. Sustantzia horrek, zahartzea berandutzen du eta gainera, minbizia sortzearen aurka laguntzen du. Fruituek duten ur eta zuntz kantitateagatik, gainera, mahatsa garbigarria eta laxantea da, idorreria ekiditen lagunduz.