Maritxu Usabiaga: «Santiago Bidera atera behar da lasai, egunak eta kilometroak kontatu gabe»
2007an lehenengoz Santiago Bidea egin zuenetik, 44 aldiz ibili da erromes, dauden ia bide guztietatik
Agurtzane Núñez Yarza
Askoren ilusioa da Santiago Bidea egitea, baina guztiek ez dute lortzen. Maritxu Usabiaga Jonsansorok beti izan zuen buruan noizbait Bidea egitea, baina neumoniaz gaixotu zenean, ezin izango zuela pentsatu zuen. «Artean lanean nengoen, zapata denda nuen. Medikuek jarritako tratamendua jarraitzen nuen, baina alabak hain gaizki ikusi zidan medikutara eraman ninduela, eta ia tentsiorik gabe nengoen. Ingresatuta egon nintzen eta promes egin nuen noizbait sendatzen banintzen Santiago Bidea egingo nuela», gogoratzen du.
Maritxuri beti gustatu izan zaio ibiltzea. «Gaztetatik ibili izan naiz, baina seme-alabak jaio zirenean alde batera utzi nuen. Gero Felipe Uriartek sortu zuen menditalde batean hasi nintzen. Berak animatu gintuen ni eta lagun batzuk Aralarko Hamalau Orduetan parte hartzera», dio. «Ez genuen uste lortuko genuenik. Hamaiketako bat apustu egin zigun, eta ordaindu egin behar izan genion».
Gaur egun, 80 urterekin, ia egunero egiten du kirola, «oso garrantzitsua da. Ni igeri egitera joaten naiz astean hirutan», dio eta pixkanaka joaten da etapak osatzen. «Ia astebururo etxetik gertuko zatiak aurreratzen ditut», eta urtean bitan ateratzen da bi astez Santiagoraino geratzen zaizkionak segidan egiteko.
Lehenengo bidea beste hiru lagunekin egin zuen, baina bakarrik egitea du gustukoen. «Ondo ematen zaren pertsonarekin egin behar da. Hurrengo Bideak Bitt orirekin egin
nituen eta gustura, oso ondo eramaten ginen. Baina bilobak zaindu behar zituen, eta ez zuen jarraitu», dio. Ordutik bakarrik joaten da, «baina ez zaude inoiz bakarrik, beti daukazu baten bat aurretik eta atzetik».
Garai hartan bere oinetakoak famatu egin ziren bidean. Maritxuk zapata denda izan zuen, «banekien botina pare bat oso erosoa zela, mendirako eta kalerako balio dutenak» eta haiek hartu zituen bidea egiteko. Hala ere, bide luzea eta gero, oinak nahiko estu zihoazela konturatu eta aurrealdean zuloa egin zien. «Nik hartu nuen zenbakia kalerako zen, ez mendirako. Behin, monastegi batean frantses batzuk begirabegira geratu zitzaizkidan, eta keinuekin esan nien guraizeekin moztu nituela. Beste behin neska gazte batek, euskalduna gainera, eta esan zidan ‘utziko al diazu argazkia ateratzen? Nere mutila liburu bat idazten ari da eta jartzeko’».
Izan ere, Santiago Bidea norbere burua ezagutzeko modu ona dela aitortzen du. «Pertsonarentzako oso beharrezkoa da, ezagutu egiten zara. Uste duguna baino askoz fuerteagoak gara, niri hori iruditzen zait, zeren bidea gogorra da», azaltzen du.
Horregatik tik, «ez atera Bidea egitera pentsatuz erraza dela», aholkatzen du. «Bidera atera behar da lasai, egunak kontatu gabe eta kilometroak ere kontatu gabe. Nik 20 edo 25 kilometro gustura egiten ditut, argazkiak ateratzera geratuz. Gehiago egiten dituztenak? Askok disfrutatu ere ez dute egiten, ezer ikusi ere egin gabe», dio.
Berak ia guztia ikusi duen arren, azken zatiaz disfrutatzea gustatzen zaio. «Ez zait gustatzen egunean bertan Santiagora iristea. Pixka bat lehenago dagoen aterpetxean geratzen naiz, eta hurrengo egunean, motxila bertan utzita, lasai joaten naiz». Ondorengo egunean Fisterratik Muxiara dagoen bidea egiten du.
44 Santiago Bide, milaka kilometro
Maritxuk 2007an egin zuen lehenengo Santiago Bidea. «Gehiago egiteko asmorik ez nuen, promesa bete eta eskerrak emateko», azaltzen du. Baina Bideak harrapatu egin zuen eta ordutik urtero egiten du, batzuetan baita bi aldiz ere. Beti oinez egiten du. Hala ere, aurten etapa bat itsasontzian egitera animatu zen. «Santiago hildakoan itsasontzian eraman zuten Arousatik Padronera eta bide hori egiten da».
Guztira 44 bider egin du Santiago Bidea, eta milaka zigiluz jositako ehunka kredentzial ditu. «Bideak hasten diren tokitik hastea gustatzen zait. Bi bider egin dut Erromatik, beste behin Frantziatik, eta penintsulako ia probintzia guztietatik pasa naiz», azaltzen du.
Azken bi urteotan, osasun egoera zaila den arren, ahal zuen heinean etapak aurreratu eta Santiago Bidea egitea lortu du. Urrian amaitu zuen azkeneko bidea. Santiagora ezik, Inaziotar Bidea ere egin du aurtengo udan. «Normalean ez naiz hilabete horietan ateratzen, eta sekulako beroa pasa dut. Sute arriskua zegoela jartzen zuen kartelak zeuden Katalunian, eta niri tokatu ez zitzaidan arren, bidea itxita ere egon zen», gogoratzen du.
Ohorezko erromesa
Hainbeste Santiago Bide eta gero, ezaguna da Maritxu Usabiaga aterpetxeetan. «Behin Fromistan, iristen ikusi nindutenean aterpetxekoak esan zidan ‘ze ondo zatozkigun! Bide gehien egin dituen erromesa aurkeztu behar dut eta nor zu baino hobeto!’. Irailak 2an Erromesaren Eguna ospatzen dute eta hiruri saritu gintuzten. Esan zidaten gero hitz batzuk esan behar nituela eta zerbait prestatzeko, baina sentitzen nuena esango nuela esan nien. Bukatu nuenean ondoan neukanak esan zidan ‘uste dut eliza guztia emozionatu duzula’», gogoratzen du.
Hala ere, ez da gertatu zaion kuriositate bakarra. «Erromatik hasi nintzen batean aurreko egunean La Vernan geratu nintzen, baina ez zegoen tokirik, eta Asisko San Frantziskok lo egin zuen etxe berean ostatu eman zidaten», dio. Inoiz ez du arazorik izan ostatua aurkitzeko, «noizbait lurrean lo egin izan dut, aterpetxeetan tokirik ez zegoelako, baina kalean inoiz ez. Normalean erromesoi ez gaituzte kalean uzten, elizatan edo beti bilatzen dute tokiren bat».