Mendizaletasuna eta kultura, bat
Gaztetan egindako hainbat espedizio ezagutzera ematen ari da Mikel Garaikoetxea
Amaia Núñez Yarza
Mendizaletasuna bidaiatzeko aitzakia zen, eta bidaiatzearekin beste kultura eta bizitzeko moduak ikastea. 70 eta 80. hamarkadetan beste kontinenteetara bidaiatzea ez zen hain ohikoa eta, hala ere, hainbat espedizio egin zituen Mikel Garaikoetxeak lagun taldearekin. Orain, bidaia guzti horiek ezagutzera emateko bideo emanaldiak prestatzen ari da pixkanaka. Azaroan Tolosan Kenia eta Tanzaniara egin zituzten bidaiak erakutsiko ditu.
Bi urte ezberdinetan egindako bidaiak izan ziren: Keniara 1978an eta Tanzaniara 1982an. Izatez bi espedizio oso ezberdin izan ziren, lehenengoan hemeretzi laguneko taldeak parte hartu zuelako eta bigarrenean laukoak. Hala ere, biak proiekzio berean elkartu nahi izan ditu bietan ideia bera zabaltzen delako: «Kultura guztiak eguzki berak argiztatzen ditu eta horretaz oso koziente izan behar gara, batzuetan ahaztu egiten dugulako», azpimarra-tzen du. Biak ezagutzera emateko, faila handia eta Rift haranean zentratutako bideoa osatu du.
Horrela, bidaiaren helburu nagusia mendiak igotzea zen. «Eskalada egitera sei joan ginen, besteak batez ere turismoa egitera joan ziren». Mendia oso ezaguna zuten, eta ordurako Pirinioetan eta Alpeetako hainbat gailur igarota zituzten. «Langileak ginen eta hasiera batean abuztuko oporretan bakarrik joan gintezkeen», oroitzen du. Baina ez ziren beraien lorpenekin bakarrik geratzen eta inguruan zer mugimendu zeuden ere jarraitzen zuten. «Mendizaletasun bere alor guztietan praktikatzen genuen eta garaiko figurak genituen begi bistan, aurretik zoazenak. Hemen inguruan nafarrak ziren, Deportivo Navarrakoak. Maila oso altuko pertsonak eta beraiek egiten zituzten espedizioak guretzako ziren miresmena. Keniara, Groenlandiara, Argeliara… joanak ziren».
Beraien esperientzietan jauzi bat emate aldera, nafarrekin hitz egin eta Keniara bidaiatzea erabaki zuten.«Eman ziguten laguntzarekin Batianen iparraldea eskalatu genuen, Kenya mendian. Ez da bia oso zaila, baina garai hartan 5.000 metrotara eskalatzea guretzat esperientzia guztiz berria zen. Nafarren pausuak umiltasunez jarraitzea, ze beraiek eskalatzaileak ziren».
‘Nelión 78’ bezala bataiatu zuten espedizio hura. Gailurrik altuena Batian izan zen (5.199 metro), Firmin bia-ko ipar aurpegian. Sei lagunek eskalatu zuten Alberto Ibaiondo, Luis Mari Sagredo, Fernando Esnaola, Jesus Mari Agirre, Jesus Mari Maiz eta Garaikoetxea bera. Gainera, espedizioko beste bederatzi lagun 4.900 metrotik gorako beste sei gailurretan ere izan ziren: Lenana, Thomson, Melhuis, Mackmillan, Coridon eta Delamere. Gainontzekoak Keniara bidaia turismoa egiteko aprobetxatu zuten.
Kenian Nakuru eta Naibasha Lakuetan ere izan ziren eta Maasai Mara herrixka bat ikusteko aukera izan zuten. «Niretzat garrantzitsuena herrialdeko informazio multzoa da, masaiena, nola bizi diren sabana afrikarrean».
Herrialde hartan, super-8ko film bat grabatu zuten. «Aurten 45 urte bete dira han izan ginela. 50 urte egiterakoan saiatuko gara film hori errekuperatzen eta hobetzen». Horretarako, bideo muntaiekin esperientzia gehiago lortu nahi du.
Lau urte beranduago Tanzaniara joan ziren, kasu honetan talde txikiagoan: Jose Mari Iriondo, Tomas Imaz, Miguel Angel Espina eta Mikel Garaikoetxea. Kasu honetan Kilimanjaro mendia izan zuten helburu bi gailurrekin: Gillman eta Uhuru Peak. «Sumendi bat da, hainbat gailur dituena. 78an Espinak ezin izan zuen azken unean parte hartu eta Kilimanjaron Uhuru Peak igo zuen. Beste hiruok Gillman-en geratu ginen ze nik egunsentiko irudiak atera nahi nituen. Nire-tzat, garai hartan, ez zen hain garrantzitsua gailurra egitea», azaltzen du, oroituz bi ordu haietan igaro zuten hotza: «Arropa zaharrarekin joan ginen, botak, jertseak… gero oparitu egin genituen. Bi ordu dardarka igari genituen, hotz handiarekin. Orain porteadoreak ere oso ondo jantzita joaten dira».
Kenia eta Tanzaniako bidaien ondoren, pixkanaka beste espedizio ba-tzuen bideoak ere osatu nahi ditu. «Material asko dut eta etxean gordetzea neurekoia iruditzen zait. Irudi horiek jendearekin elkarbanatzea gozamena da».