Miren Egaña: «Hoyarsabalek ez du Ternuako mendebaldeko kostaldea ematen, segur aski ez zuelako nahi inork ezagutzea»

Detcheverry-ren Ternuako mapa. BnF

Miren Egaña: «Hoyarsabalek ez du Ternuako mendebaldeko kostaldea ematen, segur aski ez zuelako nahi inork ezagutzea»

Miren Egaña Goyak lau hamarkada daramatza Ternuako toponimian euskaldunen arrastoak aztertzen

Agurtzane Núñez Yarza

Jakina da euskal arrantzaleak Colon Ameriketara iritsi baino mende bat lehenago jada Ternuara joaten zirela. Lehenengo aipamenak, izan ere, 1372 urtekoak dira, eta ondorengo mendeetan milaka bidaia egin zituzten. Ternua egun Kanadako ekialdeko lurralde bat da, baina garai hartan bertako tribu indigenak bizi ziren. Miren Egaña Goya ikerlariak bertan aurkitu daitezkeen toponimoak aztertu ditu azken berrogei urtetan eta gaiari buruzko liburua argitaratu zuen 2022an, ‘500 años de presencia vasca en el Atlántico Norte’ izenburupean.

Gaur egun gutxi dira euskaldunen presentziari lotutako toponimoak bertan, denboraren poderioz aldatzen joan baitira. Baina mendeetan zehar argitaratutako mapetan eta itsasbideetan euskaldunen presentzia erakusten duten izenak gorde dira, eta horiek aztertu ditu Egaña Goyak bere lanean. XVI. mendean Hoyarsabalek eta XVII. mendean Detcheberryk egindako mapak eta derroteroak edo nabigatzeko gidak, eta hamarkada batzuk lehenago Champlainek egindako mapak eta liburuak izan ditu oinarri, baita Coronelliren mapa ospetsua ere, beste batzuen artean. Detcheverryk, esaterako, bi mapa argitaratu zituen, biak Gran Baia deitu ziotenarenak, hau da, San Lorentzo Golkokoak.

Egañak betidanik izan du gustuko toponimia, baina Euskarazko Katedraren oposaketa prestatzerakoan murgildu zen guztiz gaian, 1971an. «Gogoratzen dut 9. gaia zela Euskaldunak San Lorenzo ibaian, Argentinan, eta beste toki batzuetan. Nere senarrak, Fermin Leizaolak, erosi berri zuen gaiari buruzko liburua eta hori ondo landu nuen, pentsatu nuen gutxik edukiko zutela informazio hori eta asko idatzi nezakeela», dio.

Baina bultzada definitiboa duela 40 urte izan zuen, Labradorrera egin zen lehenengo euskal espedizioan. «Selma Huxley ikerlariak espedizioa antolatu zuen 1985eko udan Belle Islen euskaldunen presentziaren aztarnak aurkitzeko indusketak egiteko. Ni ez nintzen arkeologo bezala joan, baizik eta sukaldari moduan. Selmak gainera toponimia berea zela esan zidan. Hala ere, nik libre nituen momentu guztietan irlan bizi zen arrantzalearen emaztearengana joaten nintzen, mapa hartuta, tokien izenak galdetzera», azaltzen du.

Bizpahiru aldi gehiagotan ere egon da Ternuan, eta guztietan euskaldunekin erlazionatutako toponimia ikertzen jarraitu du. Are gehiago, Hoyarsabalen eta Detcheverryren derroteroetan edo nabigatzeko gidatan agertzen diren leku izenak gaur egungo mapatan kokatzen saiatu da, baita batzuetan lortu ere.

Dokumentu batetik bestera leku-izenak aldatu egiten diren arren, badira gaur egun arte iraun duten batzuk, frantses zein ingeles hizkuntzara moldatu badituzte ere. Horietako bat da Baccalieu, ‘bakailao’ hitzetik datorrena eta Detcheverryk ‘Bacallauko irla’ bezala izendatzen duena; baina badaude Port aux Basques, Pacentia, Barracho edo Cape Ray, Detcheverryren Cap D’array-ren moldaketa. Viscay hitza ere sarritan agertzen da, antzina horrela izendatzen baitzituzten euskaldun guztiak.




Egañak zehazten duenez «toki izenak egileek beraiek jartzen zituzten, toki bakoitzari deitzeko zuten eran. Adibidez, Champlainek toki bati Port Sabalette deitzen dio, dioenez bertara joan zirenean Zabaleta izeneko kapitain batek oso harrera ona egin zielako, nahiz eta Champlainek ez zituen euskaldunak gustuko». Beste berezitasun bat ere ematen du: «Hoyarsabalek ez du ematen Ternuako mendebaldeko kostaldea. Zergatik? XVI. mende bukaeran gaude, segur aski ez zutelako nahi besteek ezagutzea, Detcheverryk dena ematen duelako 1677an».

Noski, mendeetan zehar egon zen euskaldunen presentziaren oroigarri dira mapa horiek, denbora luzerako joaten baitziren arrantzaleak Ternuara. «Barkuak armatzen zituzten bakailaotarako edo baleetarako. Denbora ezberdinetan ateratzen ziren: bakailaotara martxo aldera abiatzen ziren, irailera arte, eta baleetara ekainean atera eta Gabonetarako bueltatzen ziren. Bi hilabete behar zituzten joateko, eta beste bi bueltatzeko».

Txantxangorri aldizkaria etxean jaso nahi baduzu, erreportajeak online argitaratu aurretik, egin zaitez harpidedun hemen.


Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia