Miru gorriak, negutarrak eta ugaltzaileak

Miru Gorria hegan. Javier Vazquez

Miru gorriak, negutarrak eta ugaltzaileak

Gure inguruan ehunka ikus baitaitezke ere, galtzorian dagoen hegaztia da miru gorria

Mikel Olano, basozaina

Miru gorria (Milvus milvus) gurean nahiko sarri ikus daitekeen hegaztia da. Horrek ez du esan nahi hegazti arrunta denik, alderantziz, mehatxatuta dagoen espezie bat da eta gainera kategoria handienean: Galzorian.

Eta hori horrela izanik, nolatan ikusi daiteke ba sarri gure lurraldean? Mundu mailan oso hedapen murritza du. Soilik Europa mailan hedatzen da bere populazioa. Espainia, Frantzia, Alemania eta beste hainbat herrialdetan zabaltzen da. Euskal Herrian ere ondo zabalduta dago. Batik bat ekialdean. Hala nola Nafarroan, Iparralden, Gipuzkoan eta Araban. Mendebalderantz zabal-tzea gehiago kostatzen ari zaio baina denbora kontua izango da.

Egia da negu partean gehiagotan ikusten dugula hegazti hau udaberri/udaran baino. Zergatik?

Segidan saiatuko naiz horren arrazoia azaltzen. Hasteko eta behin esan behar dugu miru gorrien bi populazio ezberdin dauzkagula gurean. Bata neguan etortzen zaiguna (negutarrak) eta bestea urte guztia gurean ematen dutenak (egoiliarrak, ugaltzaileak). Gaurkoan batik bat aurreneko taldean zentratuko naiz.

Miru gorri negutarrak

Lehen esan bezala Europa mailan hedatua dagoen hegazti bat da. Frantzian, Alemanian, Espainian, Euskal Herrian eta beste herrialde mordoska batean kumatzen du. Gauza da negu partean Europako populazioaren gehiengoak Espainia aldera migratzen duela eta bertan igarotzen duela negua . Udaberria sumatzen hasi orduko berriro bere lurraldeetara bueltatzen dira umaldiari ekiteko.

Urri-azaro aldean ikus ditzakegu batzuetan bakarrik eta askotan bandoetan nola etortzen diren gurera. Batzuek guretik pasa eta beherantz joaten dira negua pasatzera eta beste batzuk gurean igaroko dute negu guztia.

Azaroan, abenduan, urtarrilean eta otsailean nahiko erraz ikusi daitezke talde txikiak gure belardi gainetan hegatuaz jan bila. Otsaila bukaera/martxoaren hasieran bueltatzen dira bere lurraldeetara. Hemen ugaltzaileak direnak noski, bertan gelditzen dira.

Gauetan lo lekuetan biltzen dira askotan multzo handiak osatuz. Gaua zuhaitzetan igaro ondoren, egunez jan bila sakabanatzen dira gure lurraldean zehar. Bertako belardietan pausatzen dira eta zizareak jateari ekiten diete. Ardiak larrean bailiran ibiltzen dira zizareen bila. Sagu, satain eta antzeko karraskariak ere topatzen dituzte.

Eguna batetik bestera igaro ondoren bakarrik edo saldo txikietan, egunaren amaierarako lo leku ezberdinetara biltzen dira saldo handiak osatuaz.




Lo leku hauek Gipuzkoan lurralde osoan sakabanatuta daude. 2023an eginiko zentsoan 27 lo leku ezberdin topatu genituen. Esan behar da Europa mailan ahalegin handia egiten ari direla hainbat erakunde espezie honen mesedetarako. Austriarrek programa bat jarri zuten martxan Eurokite izenekoa.

Bertan miru gorriak markatzen dira gps bidez batik bat habian daudenean, kumeak direlarik. Milaka hegazti markatu dira. Horrela badakigu markatutako miru horiek non igarotzen duten negua, noiz hasten duten bere migrazioa, noiz bueltatzen diren beren lurraldeetara, zer arazo dituzten eta abar.

Esan behar da aurreneko urtean hilkortasun tasa handia dutela eta miru gorri gazte asko hiltzen direla arrazoi ezberdinagatik bere dispertsio fasean.

Markatutako hegazti hauek beste miruekin batera ibiltzen dira eta laguntzen digute lo lekuak topatzen. Leku hauek berebiziko garrantzia dute. Errespetatu behar dira ahal den heinean. Besteak beste miruek gaua pasatzeko bakea behar dute eta hau lortzea ez da askotan erraza izaten.

Adibidez, gabonetako egun batzuetan (urte zaharra, eguberri eguna eta abar) ohitura txarra bihurtzen ari da gurean, petardo eta antzekoak botatzea iluntzean. Horrek hegaztiak uxatzen ditu eta lo lekuak deseginarazi.

Bost urtetik behin basozainok lurralde osoko zentsoa egiten dugu. Azkenekoa iaz egin zen eta 800etik gora miru zenbatu genituen. Bestalde, urtero Eurokite programaren barruan lauki zehatz batzuk zenbatzen ditugu testigu modura.

Nabarmena da atlantiar isuriko inguru hau oso gustukoa dutela miruek. Gurea, lurralde txikia da baina bere garrantzia dauka espezie honen populazioan.

Espezie honek gurean jarrai dezan, ezinbestekoa da gure zelai, belardi eta basotxoak kontserbatzea, zaintzea, gorde-tzea. Basoak behar ditugu, noski, baina dena baso bihurtzen bazaigu akabo miru gorria eta landa eremuan bizi diren beste hainbat espezie. Beraz zain dezagun landa eremua, zain ditzagun nekazariak eta bertan bizi diren espezieak.




Bi miru Basabizin

Baita azpimarratu behar da gutxienez bi miru gorri tirokatuak sartu direla Basabiziko errekuperazio zentrora. Hauetariko bat hilabete luzez zentroan egon ondoren osatzea lortu da. Aian jaso zen tirokatuta eta Aian (Pagoetan) askatu genuen urtarrilaren 9an. Bixi bezala bataiatu genuen eta gpsa jarri genion. Tresna honi esker badakigu nondik nora mugitzen den. Lo non egiten duen eta abar. Momentu honetan Aian barrena dabil eta bertan gelditzen da lotan.

Bestalde argi ibili behar dugu hainbat Rodenticidekin. Arratoiak eta abar akabatzeko pozoiak min handia egin diezaioke espezie honi oso bilatzailea delako eta etxe eta baserrietara asko hurbiltzen delako. Beraz kontuz!

Azken datuak diote espeziea errekupera-tzen ari dela. Gurean hori gauza nabarmena da. Beraz segi dezagun bide horretan. Miru gorri ugaltzaileei buruz beste batean arituko naiz baina aurrerapen modura esango dizuet 50 bikotetik gora ugaltzen direla Gipuzkoako lurraldean. Bada zerbait.

 

Txantxangorri aldizkaria etxean jaso nahi baduzu, erreportajeak online argitaratu aurretik, egin zaitez harpidedun hemen.


Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia