Olentzeroren bila Burdinaren Haranean

Olentzero eta Mari Domingi Mirandaolara iristen. Argazkia Josu Alzelai

Olentzeroren bila Burdinaren Haranean

Mari Domingirekin batera haurrekin egongo da Olentzero Mirandaolan urteko azken bi hilabeteetan

Agurtzane Núñez Yarza

Udazkena iristearekin batera, urteko azken txanpan sartuta, haurrak Eguberriei begira hasten dira eta Olentzero eta Mari Domingi ere beren egun handirako prestatzen hasten dira. Gau batez ehunka herri eta milaka etxe bisitatuko dituzte haurrei zein helduei opariak eramanez, eta ikatza utziz gaizki portatu direnei. Egunean bertan haur gutxirekin hitz egiteko beta izango dute, baina duela urte batzuetatik, aurretik beraiekin hitz egiteko eta gertutik ezagutzeko aukera dute etxeko txikienek.

Olentzero ikazkina da eta mendia da bere lantokia, baina azaroan eta abenduan Burdinaren Haranean elkartuko da haurrekin, Legazpiko Mirandaola Burdinolan. Ipuin kontaketarekin hasten da bisita eta bertan bi pertsonaien historia gertutik ezagutuko dute familiek. Ikatza nola egiten den, zuhaitz mugarratuen egurretik eta ikatza egiteko txondorra zer den ere ikasiko dute.

Burdintxoren gida

Sarrerako ipuin kontaketaren ondoren, Burdintxo, Mirandaolako pertsonaiarik bihurriena ezagutuko dute. Olentzero burdinolarako ikatza eramatera gerturatzen da Mari Domingirekin batera eta Burdintxo haurrekin beraien bila aterako da, bidaiaren azken zatia elkarrekin egiteko. «Eguneko azken txandak berezienak izan ohi dira, iluntzean linternez lagunduta joaten baitira bi pertsonaien bila», azaltzen dute Lenbur fundazioko arduradunek, ekitaldiaren antolatzaile direnek. Haurrek emozio bereziarekin bizitzen dute unea, pertsonaiak ezagutzeko irrikaz.

Beraiekin elkartu ondoren, Mirandaolako burdinolara joango dira denak eta haurrek beren eskariak egiteko aukera izango dute, banan-banan. Beraiekin hitz egin, Eguberrietarako eskariak egin, edota prest badaukate, eskutitza eman ahal izango diete, baita argazkiak atera ere. Bisita zapore onez amaitzeko, danbolinean erretako gaztainak eta patxintxiak jasoko dituzte guztiek.

Hasiera batean Legazpiko haurrentzako antolatzen zen ekitaldia zen Olentzero eta Mari Domingiren etorrera, baina azken hamarkadan Gipuzkoako zein Euskal Herriko hainbat txokotatik etortzen dira familiak bi pertsonaiak ezagutzeko. «Hamar mila bisitari inguru etortzen dira. Abenduan bakarrik izatetik, azaroan ere antolatzen ditugu bisitak orain», diote. Aurtengoan, azaroak 2an izango da lehen eguna eta abenduak 23ra arte egingo dira saioak. Asteburuetan eta jai egunetan, egunean hamar txanda egingo dira, 10:00etan hasita orduero 19:00ak arte. Astean zehar, ikastetxeei bideratutako bisita bereziak ere egiten dituzte. Sarrerak online erosi behar dira www.lenbur.com helbidean.

Antzinako eskola

Olentzerorekin egon ondoren, ingurua ezagutu nahi dutenentzako bisita osagarriak antolatu dituzte Burdinaren Haraneko beste altxorrak ezagutarazteko: aitona-amonen eskolan garai hartako materiala aztertuko dute, hala nola, lumatxoak, tintontziak, liburuak, idazmahaiak, eta abar, eta garaiko jolasetan aritzeko aukera izango dute etxeko txikienek, tortolosetan, txapetan, kaniketan, kromoetan, eta abar.

Gainera, Ezkion Igartubeiti baserrira bisitak ere antolatu dira gure arbasoen zenbait ohitura ezagutuko dituzte bereziki Gabonetako ohitura zaharrak. Igartubeitin jatorrizko dolarea mantentzen da eta bisitaren amaieran sagar-zukua dastatu ahal izango dute.

Txantxangorri aldizkaria etxean jaso nahi baduzu, erreportajeak online argitaratu aurretik, egin zaitez harpidedun hemen.


Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta