Ordiziako Euskal Jaietako Azoka berezia irailaren 11an egingo da

Ordiziako Euskal Jaiak 2024 Fiestas vascas

Ordiziako Euskal Jaietako Azoka berezia irailaren 11an egingo da

Euskal Jaien baitan Gazta Lehiaketaren 51. edizioa egingo da aurten Ordizian

Iraileko egitaraua indartsu iritsi da Ordiziara ohi bezala eta aurten ere Euskal Jaiak antolatu dituzte. Astebetez euskal kulturan oinarritutako ekitaldi ugari egingo dira irailaren 7tik 15era bitartean. Egun garraitzitsuena beste behin Azoka berezia izango da, irailaren 11an egingo dena.

Egun horretako ekitaldi Nagusia LI. latxa edo karrantzanako ardiaren esne gordinez egindako gazta-lehiaketa izango da. Hala ere, ez dira faltako Fruitu eta barazki-lehiaketa, Euskal Oiloaren lehiaketa-erakusketa, Gipuzkoako piriniar arrazako behi-azienda lehiaketa.

Aurten Gazta Lehiaketak 51. urteurrena beteko du, izatez zaharragoa bada ere, lehiaketa arautu eta epaimahaiarekin egiten hasi zenetik. Hamar urte beranduago hasi ziren Kutxak babestutako Urrezko Garaikurra ematen, azken hamar urteetan hiru aldiz lehiaketa irabazi duten artzainei. Aurten Lekarozko Kortariak du garaikurra irabazteko aukera.

Lehiaketaren amaieran gazta sarituaren enkantea egingo da Beti Alai frontoian. Bestalde, 2014. urteaz geroztik gazta-lehiaketan irabazle izan diren artzainen gazten salmenta puntuak, Beti-Alai pilotalekuko frontoi txikitira itzuliko dira aurten.

Azoka Bereziak 410 urte

Ordiziak 1512an jaso zuen asteazkeneko azoka egiteko errege-baimena Joana Erreginaren eskutik, urte hartako martxoaren 18an sute batek herria ondatu ondoren. Mende bat geroago, 1614an, San Bartolome egunean urtero azoka berezia egiteko eskumena eman zion Felipe III.a erregeak, izen bereko ermita inguruan. Festa garrantzitsua antolatzen zen horren baitan.

Urte batzuk beranduago irailera aldatu zen, irailaren 8tik gertuen zen asteazkenera. Gainera, ermita ondotik herrigunera ere igaro zen azoka.

Horrela, XX. mende hasieran Antoine D’Abbadik bultzatutako Lore Jokoen baitan, ‘Fiestas vascas’ izendapenarekin antolatu zituzten Ordiziako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Euskal izaera balioan jartzeko jaiak ziren: literatura, musika, abeltzaintza, nekazaritza, kirolak eta abar lantzen ziren eta hainbat txapelketa ere antolatzen ziren. Gaur egungo jaiaren aurrekari den festa hau 1904an antolatu zen lehen aldiz. Urte hartan egin zen baita ere gaur egungo azokaren ekitaldi ezagunetakoa, Ardi latxaren esnearekin artzainek egindako gaztaren txapelketa. Oraingo txapelketa 1960ko hamarkadan sortu zen, ezaguna da txapelketa irabazten duen gazta-erdiaren enkantea.

Euskal Jaien hasierako edizioetan Udala bazen antolatzaile nagusia, gaur egun Ordiziako hainbat elkartek eta taldek parte hartze dute astebetez luzatzen den egitarauan.





Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta