Ordiziako San Bartolome ermitan gorpu bat eta kanpaien moldea aurkitu dituzte 2023ko kanpainan

Ordiziako San Bartolome Ermitako indusketak. Ordiziako udala

Ordiziako San Bartolome ermitan gorpu bat eta kanpaien moldea aurkitu dituzte 2023ko kanpainan

XIV. mendeko hormen aztarnak ere topatu zituzten Ordiziako San Bartolome ermitako azken indusketa kanpainan

Ordiziako San Bartolome ermitak herriaren jatorria argitzeko pausoak ematen ari dira. Azken indusketa kanpainan gorpu bat eta kanpaiak egiteko moldea aurkitu dituzte baselizaren barruan, baita XIV. mendeko murruen zatiak ere. Aurtengo indusketaren helburuetako bat XV. mende hasiera inguruan egin ziren elizaren hormak topatzea zen. Izan ere, Ordizia herriaren jatorria da San Bartolome ermitaren ingurua. Bertan zegoen elizaren ingurua sortu zen herria. Horregatik, indusketa eraikinaren barruan egin zen, eserlekuak egoten diren zonaldean.

Iosu Etxezarraga, Nerea Iraola eta David Cano historialari arkeologoak aritu ziren 2023ko azaroa eta abendua artean ermitaren barruan industen. Osbeleko (Ordiziako San Bartolome Ermitaren Lagunen Elkartea) Peio Otaegi eta Glori Gonzalezen laguntza ere izan zuten.




Indusketarekin horma baten aztarnak aurkitu dituzte, XIV. mendeko elizaren horma izan daitekeena. Horma «oso zabala» da eta eraikinaren kanpoaldean aurkitutako aztarnen jarraipena izan daiteke. Hala ere, horrekin beste susmo bat konfirmatu dute: «XIX. mendean ingurune guztia asko aldatu zen: eliza kanpoko hilerria aldatu zuten, eta horrek aldaketa eta mugimenduak eragin zituen», adierazi zuen Etxezarragak.

Dena den, ezin izan zuten XIV. mendeko elizaren burualdea topatu. Historialarien kalkuluen arabera ermitaren barruan egon beharko luke, eta hortaz, «uste genuena baina pixka bat luzeagoa izango zen eliza hori». Horrekin batera, XVIII-XIX. mendeko beste murru bat ere topatu zuten. «Ez dakigu ziur zertarako egin zuten. Badakigu kanpoan egindako indusketetan agertzen zela eta eliza horrekin erlazioa zuela».

Hilobiak eta kanpaia

Murruekin batera, beste aztarna interesgarri batzuk topatu zituzten. Erdi Aroko hilobi bat ere aurkitu zuten osoa. «Buztinetan egindako hilobi bat da, obalo formakoa, luzea eta ertzak borobilduta dituena». Ehorzketa baten aztarnak ere topatu zituzten, nahiz eta hezurdura «oso kaltetuta» dagoen. Dena den, besoak, hankak, burezurraren zati bat eta hortzak ikus daitezke. «Horren bidez jakin dezakegu persona heldua zela».

Ordiziako San Bartolome ermitan aurkitutako gorpua. Ordiziako udala

Inguruan topatutako beste aztana batzuen arabera, XII-XIII. mendeko ehorzketa bat izan daitekeela pentsatzen dute. Izan ere, buruaren bi aldetan bi harri aurkitu zituzten, garai hartako ehorzketetan ohikoa zena. Hilobi horretatik gertu beste hutsune bat topatu zuten. «Bertako buztina edo harkaitzean zizelkatuta dagoen hilobi zabal bat» agertu zen, baina ehorzketarik gabe. «Suposatzen dugu hilobia dela, baina ez dakigu zergatik den hain zabala».

Gainera, kanpaia egiteko laberako moldea ere aurkitu dute. Lurrean zulatuta dago, metro eta erdi inguruko sakontasunarekin. Inguruan kanpaia egiteko prozesuan erabiltzen zituzten ladreiluak topatu dituzte. Molde horretan egindako kanpaina Jasokundeko elizarako izango zenaren ustea dute, tamainagatik.

San Bartolome ermitaren barruan aurkitzen duten bigarren kapaiak egiteko labea da. Aldare inguruan topatu zuten lehenengoa, duela sei urte egin zuten kanpainan. Kasu hartan, 1100 urte inguruan datatu zen gorpu baten aztarna topatu zuten, orain arte ezagutzen den Ordiziar zaharrena, baina kanpaiak egiteko labea egiterakoan hilobia suntsitu egin zuten.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta