Ordulariak sendabide

Ordulariak sendabide; Yeregui Elkarteko Xabier, Begoña eta Juan Mari

Ordulariak sendabide

Erloju monumentalak ondare historiko gisa azpimarratzen ditu Yeregui Elkarteak

Amaia Núñez Yarza

Esan ohi da denboraren menpe bizi garela gaur egun baina duela mende batzuk, erlojuak elizako dorreetan bakarri zeudenean, berebiziko garrantzia zuten. Ordua jakitea ezinbestekoa zen gaixoak zaindu eta zegokien botika emateko: ordua jakiteko baino, ordulariak sendabide ziren. «Horrela agertzen da 1802ko kontratu batean, ‘gaixoak ondo zaintzeko, jana eta botika bere orduan emanez’. Begira zein garrantzitsuak ziren», adierazten du Xabier Alvarez Yereguik. Bospasei urte daramatza Begoña Arruti emaztearekin erloju monumentalak ikertu, katalogatu eta zaharberritzen. Beraiekin batera aritzen da Juan Mari, erlojuak garbitu eta berriro ere martxan jartzen laguntzen.

Izatez erlojugile familiako ondorengoa da Xabier Alvarez. XVIII. mende amaieratik bost belaunaldi osatu zituzten yereguitarrek erlojuak egiten. Hala ere, «berak ez zekien erlojuez ezertxo ere», aitortzen du Begoña emazteak. Arbasoen historia ikertzen hasi ziren eta pixkanaka erlojuen munduan murgildu ziren. «Ez zegoen liburutik, eta Suitzara joan ginen. Jurako aran osoa ikusi genuen, museo guztiak, eta liburu pila bat ekarri genituen», azaltzen du. Haiek ikasiz erlojuen sekretu ia guztiak bereganatu zituen Xabier Alvarezek.

Birraitona erlojugilea

Yeregui erloju egileen leinua Jose Francisco Yeregui Zabaletak hasi zuen. Leitzako Gorritenea baserrian jaioa 1760an, ordurako bazuten erlojua elizan. «Garai hartan ikaragarria zen erlojua edukitzea. Pentsatzen dugu, estiloagatik erloju ingelesa izan zitekeela, hona ekarri zutena. Hura kopiatuz edo hasiko zen. Bere moduan, egingo zuen beste bat», kontatzen du Alvarezek. 1796an Beteluko elizako erlojua egiteko kontratua egiten diote «fidatzekoa delako, lehenago beste erloju batzuk egin dituelako gertuko herrietan, besteak beste Orexakoa».

Ondorengo bi belaunaldiak Betelun dute sorlekua eta handik Usurbilgo Aginagara joango da Francisco Yereguiren birbiloba bat, Benito Yeregui Goldaracena, Xabierren birraitona dena. Hamahiru seme-alaba izan zituen eta zaharrena Zumaia aldera mugitzen hasiko da. Urte batzuk beranduago lanbidez aldatzen da: erlojuak egitetik itsas-motorrak egitera pasatzen da 1905ean eta horretan jarraituko du familiak 1980 ingurura arte. Betelun, artean, erlojuak egiten jarraitzen du familiako beste lerro batek. Lerro hau 1975an desagertu zen. Azkena Andres Yeregui Eraso izan zen.

Erloju monumental hauetako asko eskuz eginak dira eta horrek bakoitza egiteko lana gertutik ikusteko aukera eman die. «Engraneak egiteko marrazten zituzten marrak, mailukadak… ikusten dira», azaltzen du Begoñak. «Mundu honetan daudenei benetan gustatzen zaizkienak eskuz egindakoak dira. Guztiak dira ezberdinak».

Tokian eta martxan

Yereguitarren historia eta erlojugintzaren ondarea gizarteratzeko Yeregui Elkartea sortu dute. Horren bidez, erlojuen zaharberritze lana eramaten dute aurrera. Gainera, hainbat herritan taldeen sorrera bultzatu dute beren laguntzarekin herriko erlojuak zaharberritu ditzaten. Izan ere, garrantzia berezia ematen diote erlojuak berriro jatorrizko lekuan jarri eta funtzionatzen jarraitzeari. Hala ere, batzuetan ez da posible izaten eta zaharberritzearekin batera museo edo erakustoki batean geratzen dira, beren zentzua galduz. «Ez dakigu zer den ondarea. Uste dugu dela zerbait guri iristen zaiguna eta ez diogu inportantziarik ematen», adierazten du. Beraiek erloju bakoitza jatorrizko lekura eta lanera itzultzen saiatzen dira. «Pena da, ze erloju bakoitzak historia bat du».

Zaharberritu zuten lehenengoa etxekoa izan zen. Zumaiko farorako bidean dago beirate batean sartuta. 1901ekoa da Benito Yereguirena. Ordutik, batez ere «familiako» erlojuetara zuzendu badira ere, beste batzuk ere konpondu dituzte. Familiakoen artean Aizarnako Santa Engrazikoa aipa-tzen dute, 1914an morez estiloan egina, pendulua kontrolatzeko sistema berritzailea jarri zioten antzinako erlojuek izaten duten desfasea ekiditeko. Beraien eskuetatik igaroko da ere Artzai Onaren katedralekoa, «1896an Benito Yereguik muntatu zuen eta sei mila pezeta kostatu zen», diote harrotasunez. Horretaz gain, Loiolako erlojua, Zestoako elizakoa eta Bizkaiko Labe Garaiko erlojuak ere berritu dituzte.



Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta