Orexa, energia burujabetza errealitate bihurtuz

TX139 Orexa energia burujabetza Txantxangorri Aldizkaria

Orexa, energia burujabetza errealitate bihurtuz

Herri mailako plana diseinatu dute Orexan, herritar zaurgarrienak laguntzeko

Amaia Núñez Yarza

Energia burujabetza ideia erakargarria da, baina egi bihurtzea bide luzea gerta daiteke. Argindarraren gero eta dependentzia handiagoa dago gaur egun, argiaz gain egunerokoan erabiltzen ditugun ia gailu guztiak hau behar dutelako funtzionatzeko. Orexan dependentzia hau gutxitzeko bidean ari dira, eta ekainean saria jaso zuten proiektuaren ikuspegi soziala balioan jarriz. Izan ere, beraien helburu nagusia ez da dirua aurreztea, baizik herriak behar duen energia bertan sortzea, bereziki behar gehien duten herritarrei eta tokiko enpresei laguntzeko, Eneko Maioz energia komunitateko lehendakariak azaltzen duenez.

Ia bost urte dira lehenengo eguzki plakak jarri zituztenetik. Denbora honetan bide luze eta konstantea egin dute, eta aurten energia burujabetzatik gertu egongo dira ziurrenik.
Herri txikia izateak abantaila eman die proiektu hau aurrera eramateko. Orexako etxebizitza guztiak eta bi enpresak, Ostatua eta Oihan Txiki gaztandegia, osatzen dute Udalarekin batera kooperatiba.

Baina hasieran ez zen horrela izan. 2019an udaletxe zaharreko eraikineko teilatuan lehenengo plakak jarri zituztenean, taberna-jatetxeari argindarrarekin laguntzea zen ideia nagusia, subiranotasun energetikoa izan zezan hein batean, mota honetako negozio batek duen beharrari aurre egiteko. Hurrengo urtean frontoiko teilatuan jarri zituzten.

Udal jabetzako ia teilatu guztiak erabili ondoren, pribatuetara jo zuten. Ordurako, herri guztia ordezkatuta zegoen energia komunitatea sortu zuten, kooperatiba izaera zuena. Horrela, beste teilatu zabal bat ‘okupatu’ zuten, Oihan Txikikoa, baita erretore etxekoa. «Gu hasi ginenean ‘eguzkiari zerga’ zegoen, ematen du aspaldiko kontuak direla», oroitzen du Maiozek. «Orduan inork ez zituen horrelako instalazioak egiten eta guk egin genuen. Horregatik gaude gauden lekuan», aitortzen du.

Momentu honetan hamar instalazio fotoboltaiko dituzte, nahiz eta horietatik zazpi geldituta dituzten. Datu zehatzak ez dituzten arren, behar duten energiaren %60 edo 70 inguru sortzen dutela aurreikusten dute. Hala ere, unean uneko kontsumoa izan behar da, izan ere, ez dute sortutako energia biltzegiratzeko sistemarik eta gastatzen ez dena sare elektrikora doa. «Sobrante hori saldu egiten da, baina prezio oso merkean».




Sistema hobetu

Horrela, urte bukaerarako proiektu sozial energetiko honek beste salto bat eman nahi du, hiru aspekturi bultzada emanez. Alde batetik, sortzen duten argindarra biltegiratzeko bateriak jarriko dituzte «herrian ahal den gehiena aprobetxatzeko eta, bereziki, bai Oihan Txiki eta bai Ostatuak, kontsumo gehien dutenak, aurrezpen handiagoa izateko». Bestalde, martxan jartzea falta diren zazpi instalazioek ere onarpena jasotzea espero dute. Horiek Urrutxugain auzoko etxebizita bifamiliarretan daude kokatuta eta sortzen dutenarekin Orexako behar ia osoa beteko dela pentsatzen dute.

Hori zehazki jakiteko jarraipen sistema propioa sortu dute, datozen hilabeteetan prest egotea aurreikusten dutena. «Horrek informazio pila bat emango digu ordutegiaren inguruan, bakoitzaren kontsumoa, sorkuntza orduak, zeinek zenbat sortzen duen, ze garaitan…», dio. Gainera, auto elektrikoentzako karga-puntu bat ere jarri nahi dute. «Uste dut denbora gutxian asko aurreratuko dugula».

Urte gutxitan egindako bide luzean eredu izatea tokatu zaie. Horregatik, hainbat hitzaldi eman izan dituzte. «Gure bideak balio badie atzetik datoztenek errezago edukitzeko, ongietorria», dio.
Granadan Eneragen Saria jasotzean herritar guztiei eskaini zieten, baita Gipuzkoako Foru Aldundiari emandako babesagatik. Sarira aurkezteko gonbidapena beraiengatik iritsi zitzaien, entitate horretako patrono baita, besteak beste, Nafarroako Gobernua, Gasteizko Udala, EVE eta bestelako erakundeen artean. «Askotan behar dugu kanpoko errekonozimendu bat jaso baloratzeko egiten ari garena. Sari honek ilusio berezia egin zigun gure proiektuaren ikuspuntu soziala baloratu zutelako». Bitartean, beste proiektu batzuk ezagutzeko aprobetxatu zuten baita ere.


Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta