Oriako hutsunea betetzeko bidean

Oriako hutsunea, Amasa-Villabonako indusketa. Argazkia: Núñez

Oriako hutsunea betetzeko bidean

Aurrehistoriari dagokionean orain arte Oria bailaran egon den aztarna falta aztertzen ari da Aranzadi, ‘Oriako hutsunea’

Amaia Núñez Yarza

Oria ibaiaren arroan hutsune arkeologikoa bezala ezagutzen dena egon izan da orain arte, ‘Oriako hutsunea’. ‘Hutsune arkeologikoa’ esaldia erabiltzen da denbora historiko zehatz bateko aztarna gutxi daudenean leku batean. Oriaren arroan historiaurreko aztarnategi asko ezagutzen dira, baina garai zaharrenetakoei dagokienez egoera hori eman da, Deba eta Urola bezalako inguruko beste arroekin alderatuz.

Horrela, hutsune hori betetzeko helburua jarri zuten Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologia departamentuan. «Azken urteetan zenbait ikerketa desberdinetan pixka bat galdera horri erantzuna emanez daramatzagu, zergatik ez ditugun Oriako arro honetan garai zaharren emaitzak», azaltzen du Jon Aldaia arkeologoak eta, Amaia Arranzekin batera, kanpaina honetako zuzendariak.

Ideia horren atzetik, hainbat miaketa egin zituzten Oria bailarako hainbat lekutan. Alde batetik, kobazulo eta harpeetan. Baina kobazuloetatik kanpo ere bizi ziren, bai etxebizitza iraunkor bezala edota tarteka borda moduan zituzten lekuetan, «baina aztarna horiek topatzea askoz ere zailagoa da».

Estalitako harpea

Miaketa horietako bat Amasako Aranerrekan kokatuta dagoen harpe batean egin zuten iaz eta aurten indusketa kanpaina egin dute udaran. «Inguru honetara iritsi ginen kareharria zegoelako eta hau da azkenean kobazuloak sortzen dituen harri mota nagusia». Kobazuloa zirudiena txakur-txabolekin estalitako harpea zen, baina aukerak zituela erabaki zuten «babes nahikoa» ematen zuelako eta horregatik kanpaina zabalagoa osatuko dute oraingoan. Hala ere, gaur egun leku txikia dirudien arren, «okupatu zuten garaian harpea askoz zabalagoa zen, azkeneko milaka urtetan lurra erori da eta dena estali du», dio. Indusketaren baitan ia bi metro jaitsi dute lurraren maila eta bertako okupazioak izan zezakeen mailaketa ere aztertu dute. Era berean, Aranerreka bailaran harpe horretatik gertu dagoen Erretenazpiko kobazuloan ere egin dute indusketa.

Iaz zundaketa egin zuten metro kuadro batean eta emaitza interesgarriak lortu zituzten. Bi maila arkeologiko ikusi zituzten: batean sutondo bat egon zenaren aztarnak topatu zituzten, kolore gorri eta txuriko buztinarekin, eta azpian, aztarna zaharragoak zituen beste maila bat. «Tenperatura oso altuak hartzen dituenean buztina rubefaktatu egiten da. Rubefakzio horrek sortzen du kolore gorri hori. Horrek esan nahi du tenperatura altua jasan duela agian luzaroan. Baina edozein garaitakoa izan zitekeen», aipatzen du.

Ikatzak ere topatu zituzten maila horretan. Baina deigarriena azpian azaleratu zuten: harriz osatutako maila oso bat, ingurune guztia estaltzen duena. «Oso finkoa da, ematen du sutondoa egin aurretik lekua egokitu zutela». Industen jarraitu zutenean bigarren maila arkeologikoa topatu zuten, «bertan agertzen ziren zeramikak, hezurrak, ikatzak…», eta horrekin lehenengo datazioa egin ahal izan zuten. «Laborategiaren arabera 2.500 eta 1.400 urte tartekoa da behean dagoen okupazio hori».

Basagainen garaikidea

Datu horrek Anoetako Basagain Burdin Aroko herrixkaren datazio zaharrenekin bat egiten du, Aranerrekako harpetik hiru kilometro ingurura dagoena, eta Aldaiaren arabera, «hemen egon zenak seguraski lotura zuzena izango zuen Basagainen bizi zirenekin, baino hori bera nahi dugu zehaztu». Izan ere, zeramika zati batzuk Basagainen topatutako dekorazio bera dute izkinean.

Aurten astebete egon dira harpean eta beste hiru metro koadro ireki dituzte iaz iritsi ziren mailaraino. Lan hauetarako Amasako boluntarioen laguntza izan dute Aranzadiko kideek. Kanpaina honetan, sutondoa eskubialdera ireki dute eta rubefaktazio markak desagertuz badoaz ere, zeramika zatiak aurkitu dituzte bertan, «eskuz egindakoak baita ere».

Goiko maila hau ezin dute oraindik zehaztu zein garaitakoa den. «Burdin Aroa Euskal Herrian mila urte kristo aurretik hasten da, duela 3.000 urte, eta bukatzen da erromatarrak iritsi zirenean, duela 2.000 urte. Mila urte horietan lehen 500ak dira Lehen Burdin Aroa, eta bigarrenak dira Bigarren Burdin Aroa. Hau Bigarren Burdin Aroko hasierakoa izango litzateke. Beraz, horren gainean dagoen beste maila, Bigarren Burdin Arokoa bada, azken urteetakoa edo erromatar garaikoa izango da», azaltzen du Aldaiak.





Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta