Oriako, maila bat gorago

Oriako Txirrindulari eskolako nesken taldea

Oriako, maila bat gorago

23 urtez azpiko nesken talde berria sortu du Oriako Txirrindulari Eskolak

Amaia Núñez Yarza

Neskentzako proiektua egonkortzen ari da Oriako Txirrindulari Eskola. Aurten talde bat gehiago atera du, 23 urtez azpikoen mailakoa. Horrela, taldean jada zeuden neskek etxetik gertu jarraitu ahal izango dute, azken urteetako taldekideekin. «Gure bi neska mailaz igotzen ziren jubeniletatik eta jarraitzeko zalantzan zeuden. Bestela, Nafarroa edo Bizkaiko talde batera joan behar ziren, hemen ez dagoelako talderik», aipatzen du Aitor Ayerzak, Oriako taldeko presidenteak. «Txirrindularitzan jarraitzeko aukera eman nahi genien. Beraiekin hitz egin genuen eta denak jarraituko zutela esan zuten» eta talde berria ateratzea erabaki zuten. Gipuzkoan beste talde bat bakarrik dago maila berean, Urretxuko Zatika.

Izan ere, neskek ez dute garapen erraza txirrindularitzan. Gipuzkoan ia ez dira lasterketak antolatzen: «orain arte bi lasterketa antolatzen ziren. Datorren urtera begira lasterketa gehiago jarri dira, sei edo zortzi. Hala ere, gutxi dira», azaltzen du eta, horrela, lehiatu nahi badute beste probintzietara mugitu behar dira, horrek dakarren bidaia eta bestelako gastuekin. «Mutilak Gipuzkoan mugitzen dira, agian Bizkaiara edo Nafarroara ateratzen gara, baina gutxi. Neskak Kantabriara, Burgosera, Valladolidera… erabat kanpora joan behar dira, hemen ez dago lasterketarik», aipatzen du. Gainera, «Espainiako kopak egutegi propioa duenez, fetxa horietan ia ezinezkoa da lasterketak antolatzea», ez baitira nahikoa parte hartzaile elkartzen.

Gipuzkoan lehiatzekotan, mutilekin batera aritu behar dira, baina, kasu hauetan «erritmo aldea dela eta, nahiko zaila izaten dute lasterketa bera amaitzea ere. Horregatik, Oriakoko zuzendari-tzak neskentzako zehazki antolatzen diren lasterketetara bideratu du beraien egutegia, nahiz eta probintziatik atera behar izan. Hainbesteko bidai horren alde baikorra Espainiako Kopan parte hartzea da, mutilek osatzen ez dutena etxetik gertu baitituzte hainbat lasterketa.

Txirrindularitza eskolaren baitan, bederatzi urtetik gorako haurrak hartzen ditu Oriakok. Mutiletan junior mailara bitartean aritzen dira bertan eta, gerora jarraitu nahi badute, beste talde batzuetara bideratzen dituzte. «Juniorrek erakutsi duten maila eta jarraitzeko gogoa duten txirrindulariengatik bada, argi dugu hori aurrera eramateko nahiko baliabide ez dugula momentu honetan, ez ekonomiko, ezta pertsonal aldetik. Horregatik errezagoa gertatzen ari zaigu gure txirrindulariak beste talde batzuetara bideratzea», diote.

Neskekin, berriz, afizionatu mailako taldea ateratzeko pausua eman dute. «Neska kopuru txukuna izan dezakegula uste dugu eta horregatik momentu honetan hori aurrera eramateko unea dela uste dugu».




Taldeko entrenatzailea Julen Bengoa da eta bi zuzendari dituzte, Angel Serrano eta Xabier Drabasa. Aurten, Espainiako Kopa irabazi zuen Ayala Serrano Oriakoko txirrindulariak. «Lehenengo urtea izan da eta irabazi badu, hurrengo urtean ere gertu egongo da», azpimarratzen du Ayerzak. Horrela, datorren urteari begira ere antzeko egutegia prestatu dute neskentzat: Torneo Euskaldun-Euskal Herria, Espainiako kopa, Bizkaiko Loreak itzulia -«UCI Proba da»-, Gipuzkoako Itzulia, Vuelta Cantabria, Vuelta Pamplona, Arabako bira… ere egin dituzte neska jubenilekin eta kadeteekin.

Urrun dauden probintzietara mugitzea toka-tzen zaienean asteburu osoko irteera izaten da taldearentzat. «Ostiral goizean atera, egun guztia bidaiatzen egon, larunbatean lasterketa korritu, igande eguerdian atera eta gauean iritsi etxera… gero, noski, ikasketak eta azterketak daude», azaltzen du.

Kirol guztietan gertatzen den antzera, Gipuzkoa osoan neska federatu askoz gutxiago daude mutilekin alderatuta. Kadete mailan 18 dira (mutilak 108) eta jubenilak 15 (mutilak 85). Oriako Txirrindulari taldeak 8 kadete, 5 junior eta 6 sub23-elite ditu nesketan. Izan ere, mutiletan gertatzen ez den bezala, nesketan kluben arteko akordioak egiten dituzte neskak elkarrekin aritu ahal izateko talde berean. Horrela, Oriakok Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz taldearekin hitzarmena du eta Oriakorekin lehiatzen dira goierritarrak. Gaur egun, Donostialdeko txirrindulariak ere badaude eta pixkanaka beste herrietakoak gehitzea ere espero dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du dirulaguntzarik ematen adin-txikiko taldeei. Horrela, talde berriarekin, diru sarrerak hobetzea lortuko du talde tolosarrak, txirrindularien baldintzak ere hobetzeko. «Nesken lasterketetan normalean egun berean izaten dira maila ezberdinetakoak elkartzen baitira antola-tzerakoan». Horrek, talde bezala behar den giza-baliabideak gutxitzea ahalbidetzen du, maila goreneko taldea sortzearen beste arrazoietako bat.

Txirrindulari gehienak errepidera bideratzen badira ere, Oriakon pista, ziklo-kros edota mendi-biziletako lasterketetan parte hartzeko aukera ere badute. Pista eta ziklo-krosseko lasterketak negu partean izaten dira eta, gehienbat, errepiderako prestaketa bezala erabiltzen dituzte.

Neskek baliabideak ere hobetuko dituzte. Oriako Orbearekin akordio batera iritsi da eta «sub23 denak bizikleta berdina edukiko dute, taldeak jarritakoa», azpimarratzen du Ayerzak. Maila berri batean taldea sortzeak erantzunkizun eta baliabide gehiago eskatzen ditu, baina denboraldi berriari begira ilusioz daude.

Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta