Patata-tortilla, oinarrizko elikadura
Arrautzak, patata eta olioarekin egindako plater famatua, patata-tortilla, elikadura osasungarriaren iturri da
Amaia Núñez Yarza
Errezeta sinplea izanik ere, jaki gustukoenetakoa da gaur egun patata-tortilla. Hiru osagai besterik ez ditu oinarrian: arrautzak, patata eta olioa. Batzuk tipularekin osatutakoa nahiago dute, eta beste hainbat osagai ere gehitzeko aukera ematen du. Horretan datza ziurrenik bere arrakastak.
Eguneroko platera bada ere, patata tortillak pertsona batek bere dietarako oinarrizkoak dituen propietateak eskaintzen ditu. Patatek dituzten karbohidratoak, oliba olioaren koipe osasungarriak eta arrautzen proteinak, egun osorako energia iturria dira. Osasungarria gainera.
Horrela, hiru osagai nagusiek oinarrizko bitamina eta mineralak ematen dituzte: arrautzek D eta B12 bitaminak dituzte, beste batzuen artean, baita burdina eta zink-a bezalako mineralak; patatak potasioa, C bitamina eta B bitamina multzoko batzuk ematen dituzte.
Eguneroko osagaiekin sukaldatutako plater honek hala ere, kaloria ugari izan ditzake, kontutan izan beharrekoa dena. Hau, dena den, sukaldatze prozesuan egiten den prejitzearen arabera aldatu egiten da.
Erabiltzen den patata motak, nola moztutzen den, olio motak, sukaldatzen den tenperatura, denbora eta xukatzearen arabera plater honek duen kaloria kopurua aldatu egiten da. Hala ere, gutxi gora-behera, pintxo moduan jaten den tortila laurdenak 400 kilokaloria dituela kalkulatzen da. Horren erdia oliotik dator, eta bestea ia erdibana arrautzetatik eta patatetatik.
Patata barietate ugari daude merkatuan eta, horrela, errezeta hau sukaldatzeko olio gehiegi xurgatzen ez duten motatakoak erabiltzea gomendatzen dute. Zentzu horretan, ‘patata berria’ bezala ezagutzen dena izan daiteke egokiena. Prejitzerakoan ez birrintzea da garrantzitsua, baita arrautza irabiatuekin nahastu aurretik olioa ondo kentzea.
Tipulari dagokionez, gustuen areberakoa da. Zapore gehiago ematen dio platerari, kaloriarik gehitu gabe. Barietatearen aukeraketa ere gustuen araberakoa da. Piperrak, baratxuria, eta abar ere gehitu daitezke, errezeta osatzeko.
Hiru mende
Tortilek istorio luzea dute. Arrautzekin bakarrik egindako tortilak XVI. mende hasieran iada ezagunak ziren, tortilla frantsesa bezala ezagutzen dena. Patata-tortillaren jatorria oso argi ez badago ere, XVIII. mendeko Nekazaritza Orokorra liburuan aipatzen da patatak bereziki gisatuetan eta tortiletan erabiltzen zirela. Patatak Amerikan dute oinarria era Europara kontinentearen aurkikuntzaren ondorioz iritsi ziren.
Patata-tortillaren sorrera Extremaduran kokatzen duten dokumentu zaharrenak 1798koak dira, baina plater hau Nafarroako 1817ko gutun batean ere aipatzen da garai hartan baserrietan zuten elikadura zerrendatzean. Jaki xume hau lehenengo guda karlistan zabaldu zela dio legendak, soldaduak elikatzeko modu erraza eta merkea baitzen. Emaitza munduan ezaguna egin zen.
Jaki honek bere eguna ere badu: martxoaren 9a. Era berean, Villanueva de la Serena herrian, patata-tortillaren jatorria dokumentatzen den herrian, azoka berezia egiten da duela hamar urtetik eta plater honi eskainitako eskultura bat ere badute.
Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. |
Pingback: Patatak, sukaldeko laguntzaile - Txantxangorri Aldizkaria