Patatak, sukaldeko laguntzaile

Patatal. ··· NT Franklin

Patatak, sukaldeko laguntzaile

Ehunka barietate ditu patataren familiak, baina sukaldeko oinarrizko osagai bihurtu da

Amaia Núñez Yarza

Gaur egungo sukaldaritzan osagai oinarrizko dira patatak. Errezeta ugaritan erabiltzeko aukera ematen du, eta errentagarritasun handikoa prezio merkean eskaintzen duen nutrizio balio altuagatik.

Barazki eta fruta ugarirekin batera, gehien kontsumitzen den tuberkulua da patata. Bere konposizioaren %75a ura da eta %19a karbohidratoak dira, gehienbat almidoia. Era berean, hainbat bitamina eta mineral ere baditu, besteak beste, C bitamina, riboflamina, tiamina eta niazina, baita kaltzioa, potasioa, fosforoa eta magnesioa.

Landareari dagokionez, bi azpiezpezie nagusi daude, bata Ande mendilerroan jatorria duena eta bestea Txilen. Urteen poderioz, bi hauetatik sortu diren barietate ugari daude gaur egun merkatuan. Hala ere, barietateaz gaino, uzta garaiaren arabera ezberdintzen dira nagusiki. Zabalduenak horiak badira ere, badaude beltzak, moreak edota gorriak ere. Barietate bakoitzak bere garaia du.

Horrela, patata berria edo goiztiarra bezala ezagutzen da heldu baina lehenago jasotzen dena. Ale txikiak izaten dira, azal fina eta leuna dutenak. Sukaldatzerakoan ez dira puskatzen eta horregatik aukeratzen dira hainbat errezetetarako.

Garaiko patatak bere heltze momentu aproposean jasotakoak dira, ekaina amaieratik uda amaierara. Hau dela eta, goiztiarrak baina pixka bat handiagoak dira, baita lehorragoak eta, sukaldean errezeta ugaritarako erabili daitezke.

Azkenik, berantiarrak, uzta garaia igaro ondoren, udazken aldera jasotzen direnak dira. Azala lodiagoa izaten dute, handiagoak dira eta, batez ere, hilabete batzuetan biltegiratzeko aukera ematen dute. Hauek izaten dira almidoi maila handiagoa dutenak eta gisatzeko edota pure eta kremak egiteko erabiltzen direnak, saltsak loditzen baitituzte eta, aldi berean, platereko zaporeak hobeto xurgatzen dituzte.

Patatak Hego Amerikan dute jatorria, zehazki Ande inguruetan. Bertan bizi ziren inca eta quechua herrixketan milaka urtetan landatu izan zituzten. Elikagaia izateaz gain, sendagai modura ere erabiltzen zituzten. XVI. mendean deskubritu zuten tuberkulu hau bertan zeuden espainiar konkistatzaileek eta, orduztik, Europan zabaldu zen. Herrialde askotako sukaldaritzako oinarrizko osagai bihurtu zen gainera. Gaur egun, kontsumitzen diren barazkien laurden bat inguru dira patatak.

Txantxangorri aldizkaria etxean jaso nahi baduzu, erreportajeak online argitaratu aurretik, egin zaitez harpidedun hemen.


Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta