San Adrian kobako indusketara bisita gidatua egingo da uztailaren 13an
Neandertalak San Adrian kobazuloa babesleku bezala erabiltzen zutela deskubritu zuten iaz arkeologoek
San Adrian igarobidean, Leizarrate, indusketa egiten ari dira Aranzadi Zientzia elkarteko arkeologoak, Zegamako Udalarekin elkarlanean. Uztailaren 13an, larunbatean, bisita gidatua egingo da bertan egin diren lanak eta aurkikuntzak ezagutzera emateko. Udararo indusketa egiten duten ingurune horretan, aurtengoa XVIII. kanpaina da, eta kobazulo inguruan aurkikuntza adierazgarriak egin dituzte: Erdi Aroko gotorleku bat, erromatarren aztarnaren bat, aurrehistoriako aztarnak… Iaz neandertalek kobazuloa babesleku gisa erabili zutela frogatzen zuten aztarnak aurkitu zituzten arkeologoek, hau da, duela 40.000 urte baino gehiago igarobide hau erabili zuten.
Guzti hau ezagutzera emateko txango gidatua egingo da uztailaren 13an. Ibilbidea Anduetza parketxeko hezitzaileekin egingo da. Arkeologoak bertan izango dira Aranzadiko kideak azken aurkikuntza arkeologiakoak azaltzeko. Aldi berean, hominido horren inguruko xehetasunak emango dituzte, eta San Adrian – Leizarrate kobazuloan garai historiko ezberdinetan izan diren biztanleen errepasoa egingo da, igarobide ospetsu hau Aizkorri-Aratz natura-parkean dagoela ahaztu gabe.
Bisita gidatua edozein herritarrentzat egokia da. Bi ibilaldi egingo dira: 10:00etan euskaraz eta 12:00etan gaztelaniaz. Bi txangoak Aldaolako aparkalekutik habiatuko dira. Geraleku hau Otzaurtetik 4 kilometrora dago.
Bisita gidatuak ordu eta erdiko iraupena izango duela aurreikusten dute. Parte hartzaileek oinetako egokiak eta ura eramatea gomendatzen dute. Pertsonako 6 euroko prezioa du, 4 euro 3-12 urte bitartekoen kasuan. Joan nahi dutenek aurrez izena eman behar dute, plaza mugatuak baitaude. Era berean, eguraldiagatik azken orduko aldaketaren bat izango balitz, parte hartzaileei jakinaraziko zaie. Izena emateko eta informazio gehiago jasotzeko: anduetza@gipuzkoanatura.eus edo telefonoz 943 80 21 87 / 688 623 609 zenbakietan.
San Adrian denbora tunela
Leizarrateko aztarnategia denboraren tunela dela esan daiteke. Duela hamabost urte arkeologoekin, historialariekin, geologoekin, botanikariekin… diziplina anitzeko lan batekin hasi zen, San Adrian-Leizarrate tunela protagonista zuten kondaira guztiak argitzeko. Hasieratik, espero zutena baino aztarna zaharragoak aurkitu zituzten, eta aurten Paleolito garaiko beste maila bat aurreratu dute, duela 15.000 urte baino gehiagokoa, kobazuloaren barruko eraikuntzen azpian.
Hala, 1.000 metro baino gehiagoko garaieran dagoen kobazuloak goi paleolitotik XX. mendearen hasierara arteko aztarnak ditu. Ikertzaileek silexa, zeramika, gizakien eta faunaren hezur hondarrak, txanponak eta arma zatiak aurkitu dituzte egindako kanpainetan, baita antzinako eraikuntzak ere.