Tio Teronen Semeak: «Nabaritzen dugunean publikoa gustura dagoela oso handi egiten gara»
Tio Teronen Semeak taldeak hainbat urte daramatza euskara, dantza eta umorea plazaratzen
Agurtzane Núñez Yarza
Estereotipoak puskatzeko helburuarekin sortu zuten ikuskizunak berak estereotipoak hautsi arazi dizkie Tio Teronen Semeak taldeko kideei. «Egun baterako zen ikuskizuna sortu genuen, Freshcool, eta 270 emanalditik gora eskaini ditugu 2016tik, bi ikuskizunekin», dio Aritz Salamanca kideak. Bitartean, euskal dantzekin ia kontrajarriak diren ideiak plazaratzea posible dela erakutsi dute: mutilez bakarrik osatutako ikuskizun bat eskaintzea, umorez betea eta adin guztietako ikusleak herri batetik bestera mugitzen dituena.
-Nolatan hasi zineten?
-Donostiako 2016ko Kultur Hiriburuaren aurretik Olatu Talka izeneko jaialdi bat antolatu zen, 2015ean. Aspaldidanik ezagutzen ginen, denok euskal dantza tradizionaleko dantzariak eta musikariak garelako. Emanaldia nahi genuen euskal dantzen ildotik joatea baina ez hori bakarrik, nahi genuen pixka bat ganberroa izatea. Hortik abiatuta sortu genuen ‘Freshcool’. Gure asmoa emanaldi hori egin eta gero bakoitzak bere bidea segitzea zen. Gauza da arrakasta izan zuela, biralizatu egin zen eta udaletxe desberdinak hasi ziren galdezka ea beren herrietan egin genezakeen. Ordutik 270 emanaldi inguru eskaini ditugu bi ikuskizunekin.
-Zenbat zarete taldean?
-Hogei gara, eta hasieratik berdinak izan gara. Baina ikuskizun bat eskaintzeko hamar dantzarirekin eta lau musikarirekin aurrera egiten dugu. Gehiago izan gaitezke, baina normalean zaila da denak elkartzea eta horrek aukera ematen digu bostek libratzera, beste konpromisoengatik edo lesioengatik.
-Denok mutilak izatearena, nahita egin zenuten?
-Denok ez gara mutilak, Eider dago. Hala ere, ‘Freshcool’ egun baterako zen. Nahi genuen txikitero kuadrilla baten istorioa kontatu eta estereotipoak bilatu genituen koadrodun alkandorekin, zerbezekin, eta txikiteroak mutilekin lotzen ditugu. Ez genuen pentsatzen talde bat egitea, baizik egun baterako ikuskizun bat egitea. Egia da ere lagunak ginela eta horrek erraztu zuela. Zaila izan da hemeretzi mutil elkartzea, baina guretzat luxu bat da erakustea mutilak ere dantzariak garela eta dantzatzea gustatzen zaigula.
-Orain arte bi ikuskizun dituzue, nola entseiatzen dituzue?
-Normalean denboraldia maiatzean hasten dugu, urrira arte. Puntua hartzeko bi hilabete aurretik egiten ditugu entseiuak astean bitan, bi ordukoak. Baina gero hainbeste emanaldi ditugunez, horiekin nolabait forma hartzen dugu. 2018an ‘Festamentua’ egin genuen, eta horrek bai behar du sorkuntza prozesu bat. Orduan lau edo bost hilabete lehenago elkartzen ginen, ez bakarrik entseiatzeko, baizik sortzeko. Denboraldian emanaldiekin nahikoa dugu, gehienok badugulako beste dantza-talde bat edo kirolen bat mantentzeko. Gainera, bakoitzak beste lan ba-tzuk ditugu, eta horregatik emanaldiak asteburuetan edo oporretan bakarrik egin ditzakegu, nahiz eta zirkuitu profesional batean gauden.
-Nola okurritzen zaizkizue ikuskizunak?
-Nik uste dut gakoetako bat dela lagunak garela. Gure harremana oso ona da eta hori emanaldietan nabaritzen da. Eta guk ere ikusten dugunean jendea gustura dagoela, oraindik gusturago gaude. Bi emanaldiak ia antagonikoak dira. ‘Festamentua’rekin ez genuen formula errepikatu nahi, abiatzen gara hileta batetik. Nahi genuen demostratu baita okerren zaudenean umorea atera dezakegula ia edozein tokitatik. Umorea eta daukagun harreman ona gakoak dira, baita ikuslearekin daukagun konplizidadea.
«Guretzat luxu bat da erakustea mutilak ere dantzariak garela eta dantzatzea gustatzen zaigula»
-Hori gero nabaritzen da.
-Bai, gu oso gustura gaude, eta nabaritzen dugunean ikuslea gustura dagoela, imajinatu, oso handi egiten gara. Oso polita da ikusten duzunean funtzionatzen duela, jendeak barre egiten duela, eta disfrutatzen ari dela euskaraz eta dantzaz egindako ikuskizun batekin. Hori gaur egun lortzea, gazteek, helduek zein haurrak disfrutatzen duten gauza bat izatea, eta oraindik ikustea ibilbidea duela, luxu bat da.
-Gipuzkoan hasi zineten, baina kanpora atera zarete?
-Hasieran Gipuzkoan aritzen ginen, baina bigarren urterako Euskal Herri guztira hedatzen hasi ginen. Azkeneko urteetan aukera izan dugu ere beste tokietara joateko: Edinburgon egon ginen, eta estatuan Burgosen, Salamancan, Valladoliden, Granadan eodta Katalunian.
-Eta nola egiten duzue euskarazko ikuskizuna kanpoan?
-Euskara mantentzen dugu. Esaldiak eta bertsoak euskaraz botatzen ditugu eta gero itzulpen bat egiten dugu, Edinburgon ingelesez, Katalunian katalanez eta Espainia mailan gazteleraz.
-Jarraitzaile asko dituzue herri batetik bestera ikustera joaten zaizkizuenak.
-Ikusle pila bat dauzkagu eta gozada bat da ikustea nola herri txikietan ere bolkatzen den jendea, ezin gara kexatu. Batek herri batean ikusi bagaitu eta beste batera joaten bada esaten digute, ‘berdina ikusi dut baina ez da berdina’. Saiatzen gara momentuan suertatzen diren txisteak harrapa-tzen. Ikusleren batek zerbait esaten badu saiatzen gara emanaldian txertatzen eta horrek freskotasuna ematen dio.
Pingback: Ixak Oiartzabal: «Instrumentuaz maitemindu egin behar zara» - Txantxangorri Aldizkaria