«Txistulari banda pixka bat modernizatzen saiatzen ari gara»
Urte guztian dianak jotzeaz gain, ekitaldi ugaritan parte hartzen du Tolosako Txistulari Bandak
Amaia Núñez Yarza
Tolosako Udal Txistulari Banda aro berri baten hasieran dagoela esan daiteke. 1970. hamarkadan banda osatu zuten belaunaldia jubilatu ostean, azken urteetan kide berriak sartu dira taldean eta pixkanaka beraien arrastoa uzten ari dira. Bandak hamarkada luzeetako historia du. Garai batean herri eta hiri askotan zeuden udal txistulari bandak. Gaur egun, aldiz, gero eta gutxiago geratzen dira eta Tolosako kideek hori sustatu eta balioan jarri nahi dute.
Urtean zehar ohiko ekitaldiak mantentzen dituzten arren, irudi berria ematen hasi dira jada. «Saiatzen ari garena da urtero dauzkagun betiko gauza horiez aparte, txistua jende gehiagorengana iristen eta pixka bat belaunaldi aldaketa bat ere ematen, ea jende gaztea pixka bat engantxatzen den», dio Ion Garmendia Txistulari Bandako zuzendariak. Horretarako, errepertorio bariatua osatu dute eta, adibidez, igandeetako dianatan astero zortziko ezberdina jotzen saiatzen dira.
Azken 50 urteetan txistulari banda ezaguna izan da Tolosan. Aurretik zeuden txistulariekin arazoak izan ondoren, Udalak lehiaketara atera zituen txistularien plazak eta urte gutxitan osatu zen berriro taldea, gaur egunera arte iritsi dena. Lehena Iñaki Letamendia izan zen, 1972an, zuzendari bezala egon zena 2018an erretiroa hartu zuen arte, eta bere atzetik sartu ziren Xabier Zelaia, Jose Luis Azkue, Pello Ugarte, Jesus Mari Garmendia eta Juan Jose Agirre. «Tartean Loreto eta Silvia Sarasola egon ziren, adibidez», oroitzen du.
Garmendia bera duela hogei urte sartu zen, ordezkapenak egiten, eta Letamendia jubilatu zenean lehiaketara atera zen plaza lortu zuen, eta Udal musika eskolako txistu irakaslea ere bada. Berarekin batera, banda osatzen dute orain Iñigo Azkue, Xanti Nazabal, Jose Luis Azkue, Aitor Zabala eta Mikel Zelaiak.
Txistulari bandak igandero jotzen du diana, lehenengo Alde Zaharrean eta, ondoren, Tolosako auzo batean. Larramendi, Berazubi, Amarotz… tartekatu egiten dituzte. Gainera, hainbat kontzertu eskaintzen dituzte urtean zehar herrian, gehienak Udal Musika Bandarekin batera: Santa Zezilian, Erregetan, Iñauterietan, Korpus bezperan eta igandean, edota sanjuanetan, adibidez. Udaletxeko protokolo ekitaldietan ere beraiek jartzen dute musika.
Iaz, azoka berezia dagoen larunbatetan ere jotzen hasi ziren. Egun horietan, eguerdi aldera ateratzen dira eta azoka gunetik aritzen dira, «jende gehiagok ikusteko badagoela txistulari banda», dio.
Txistua instrumentu tradizionala da. Banda normalean bi txistuk, silbote batek eta atabalak osatzen dute. Azken urteetan egiten ari diren berrikuntzen artean, bi urtean behin kontzertu berezi bat antolatzen dute eta hauetan ere txistuak gaur egungo musikan tartea baduela erakusten saiatzen dira, «beste musika bat egiten» egungo errepertorioa sartuz. «Iazko ekainean, gonbidatu bezela ekarri genuen Alex Sardui, Gatibu taldeko abeslaria. Gatiburen abesti batzuk jo genituen jendeak ikusteko ia txistuarekin beste gauza batzuk egin daitezkeela», azaltzen du Garmendiak.
Izan ere, udal txistulari banden balioa azpimarratu nahi dute. «Gero eta gutxiago daude, eta dauden horiei eman behar zaie duten garrantzia. Gure kulturaren eta ondarearen zati garrantzitsu bat da, mantendu eta mimatu behar da».
Horretarako, beharrezkoa ikusten dute txistulari bandei zurruntasuna kentzea. Beraiek jantzia iada aldatu dute eta, alkandora eta alotzadun galtzak alde batera utzita, bakero eta polo-jertse bat dira dianarako jantzia. Digitalizazioan ere pausuak eman dituzte, ohiko paperezko partiturak tablet txiki batzuengatik aldatuta. «Azkenen txistularien jantzia da oso zorrotza eta horrek distantzia bat markatzen dio jendeari. Juxtu kontrakoa nahi dugu».
Txantxangorri aldizkaria etxean jaso nahi baduzu, erreportajeak online argitaratu aurretik, egin zaitez harpidedun hemen.
Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. |