Ur Mara museoak Iñaki Epelde eta Jose Luis Longaron omenduko ditu maiatzaren 27an
Museoen Nazioarteko Egunarekin bat egingo du Ur marak erakusketa eta Et Incarnatus orkestraren kontzertuarekin
Ur Mara museoak Iñaki Epelde eta Jose Luis Longaron margolariak omenduko ditu Museoen Nazioarteko Egunaren harira antolatu duen ekitaldian. Datorren maiatzaren 27an, larunbatean, ekitaldi berezia egingo du 18:00etatik aurrera bi artista tolosarrak omentzeko. Aldi berean, erakusketa irekiko da Epelde, Longaron eta Koldobika Jauregiren lanekin. Erakusketa uztailaren 31era arte egongo da irekita Ur Mara museoko negutegian.
Gainera, omenaldiarekin batera Tolosako Euskal Herria plazako arkupean egindako margolanen inguruan ekoiztu den dokumentala proiektatuko da. Iñaki Epelde, Jose Luis Longaron, Jose Mari Hernandez eta Koldobika Jauregik egin zuten plazako arkupe osoa betetzen duen margolana. Arte lan hau 1989ko maiatzaren 19an inauguratu zen eta gaur egun oraindik zati gehiena ikusgai dago. Epelde 2013an zendu zen 55 urterekin eta Jose Luis Longaron 2019an, 67 urterekin.
Bi artistei egingo zaien omenaldia eta ospakizuna amaitzeko, Et Incarnatus Orkestrak kontzertua eskainiko du Ur marako basoan. Orkestra tolosarra ospetsua egin da munduan auditorio eta elizez gain ohiz kanpoko lekuetan emanaldiak eskaintzeagatik, batez ere naturaz inguratuta. Tradizio bilakatu da jada, esaterako, Urkizu auzoan urtero udako solstizioan eskaintzen duten kontzertua.
Ekitaldirako sarrera doakoa da, baina aforo muga dela eta, nahitaezkoa izango da urmara.alkiza@gmail.com helbidera mezua bidaltzea izena emateko, izen-abizenak eta telefonoa adieraziz. Bukaeran, nahi dutenentzako afaria egongo da. Horretarako, aurrez izena ematea gomendatzen dute.
Pingback: Koldobika Jauregiren bizialdia ospatzeko, artea - Txantxangorri Aldizkaria