Lurpea garbi, uraren bide ikustezina

Lurpea Garbi, uraren bide ikustezina

Lurpea garbi, uraren bide ikustezina

Lurpea Garbi elkarteko kideek kobazuloen egoera ezagutarazteko kobak katalogatzen ari dira

Agurtzane Núñez Yarza

Nola jakin nondik datorren iturria irekitzerakoan ateratzen den ura? Galdera erraza dirudi, urtegitik, baina horraino iristerako ehunka kilometro ere egin ahal izan ditu mendi barruetan. Eta jakingo bagenu frigorifiko edo uralita tartetik igaro dela? Agian, bi aldiz pentsatuko genuke.

Lurpea Garbi elkarteko Uxue Lasak eta Anjel Navasek espeleologiarako zuten zaletasunak eraman zituen kobazuloetan sartzera. «Etxetik gertu, deskubritzeke dagoen mundu bat da. Txikia dirudien zulo batean sartzen zara eta bi etxe-orratz sartuko liratekeen tokia dago», dio Navasek; Bera gaztetatik ibiltzen da kobazuloetan, eta konturatzen zen gero eta zikinago zeudela. Lasak dioenez, «hasieran klaustrofobia pixka bat neukan, baina gero kuriositateak irabazi zuen, milaka urtez ia ikutu gabe egon den toki batean sartzen zara, nahiz eta sarrera zikina egon».

Kobazuloetan milaka urtez bizi izan dira pertsonak, baita animaliak ere. «Balizko aztarnategi arkeologikoak izateaz gain, hor bakarrik bizi diren xomorro asko daude. Adibidez, Hernialdeko koba batean bertan bakarrik aurkitu diren intsektu endemikoak daude», azpimarratzen du Uxue Lasak.

Baina, gainera, «gehienak ur bideak dira», nabarmentzen du. Hau da, bere galerietatik ura pasa, filtratu eta kasu askotan akuiferoetan gordetzen da iturbururen batetik ateratzen den arte. Horregatik, garrantzia berezia du kobazuloak zikintzea: «ur hori kontaminatu egiten da eta gero iturrietara doa, guk edo animaliek edaten dugu, edota barazkiak ureztatzeko erabil-tzen dugu», diote.

Azken urteotan denetarik aurkitu dute, Lurpea Garbi elkartea sortzera bultzatu dietenak. «Ohikoa da hildako animaliak aurkitzea. Batzuk estropezu eginda erori dira, baina badira ere ardiak eta txakurrak, asko kolpeak dauzkatenak. Horrez agin, elektrotresnak, zabor-poltsak, bateriak, pilak, uralita…» material oso kontaminatzaileak direnak. «Pila batek 150.000 litro ur kontamina ditzake», zehazten du Angel Navasek.

Duela hamarkada ba-tzuk, ohikoa zen mendira joan eta egarri baginen edozein errekatako ura edatea. Gaur egun, toki gutxi batzuetan bakarrik egin ahalko genuke. «Badaude garbi dauden kobazuloak, baina gutxienak dira», diote. «Albizturren duela agian berrogei urte sartzen ez nintzen koba batera bueltatu ginen duela gutxi. Orduan ondoko baserrikoek edariak freskatzeko erabiltzen zuten, zainduta zeukaten. Sartu ginenean, bazirudien baserriren bateko traste guztiak bota zituztela bertan», gogoratzen dute. Beren zeregina Tolosaldean zentratu duten arren, Gipuzkoan zein inguruan oso zabaldua dagoen arazoa dela diote.

 




Ehunka kilometro

Urak ehunka edo milaka kilometro egin ditzake lurrazpian, eta ateratzen den lekuak ez du zertan jatorrizkoarekin zerikusirik izaten. Horregatik, koba bat kontaminatua egotean, ziurrena da ur hori beste bailara batera iristea. «Goiatzen, adibidez, klorazio bat egin genuen eta ura Alkizan, Hernioren beste aldean agertu zen. Eta horren zati bat Asteasura bideratzen da. Beste iturburubatekoa, berriz, Anoetako iturri batean agertzen zen. Ez dakigu ziur nongo ura edaten dugun».

Horregatik, kobazuloen egoera salatzeko dokumental bat egin dute, Paco Etxeberria forensearen eta Eneko Agirre biologoaren parte hartzearekin. «Bagenekien egoera txarra zela, baina beraien azalpenak entzunda, jakin genuen arazoa noraino iristen den», gogoratzen du Lasak. Dokumentala Tolosako Leidor Antzokian ikusi ahal izan zen, arrakasta handiarekin.

Dokumentalaren ondoren beste zenbait ekimen ere garatu dituzte. «Eskoletan hitzaldiak eman ditugu, eta orain Tolosaldeako kobazuloen katalogoa egiten ari gara, bakoitzaren egoera zein den jakiteko. Izan ere, erakundeetako ordezkariekin hitz egiterakoan esaten digute beraiek ez dutela daturik».




Gainera, hainbat udalekin ere hitz egin dute kobazuloak garbitzearen garrantzia azpimarratzeko. «Tolosaldeako udal gehienak txikiak dira eta ez dute aurrekontu askorik, baina badira garbiketak auzolanean egin dituztenak, Alkizan adibidez», eskertzen dute. «Guk ezin ditugu garbitu, besteak beste, uralita bezalako materiala enpresa espezializatuek kendu behar dutelako».

Hernialden, Aizkoateko koban itxitura berria ere jarri dute, bertako animaliak eta aztarnak gordetzeko. «Udalarekin batera ate berri bat jarri dugu, aurrekoa puskatuta zegoelako. Espeleologoek diseinatutakoa da, saguzarrek barruan umatu ahal izateko. Eta hibernazio edo umatze alditik kanpo bisita gidatuak antolatu nahi ditugu bertako ondarea ezagutarazteko».




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta