«Urte batzuetarako taldea daukagu TAKEn, gaztea, kalitate eta talentu handiarekin»
Tolosaldeako ia 300 kirolarik osatzen dute Take saskibaloi taldea, 22 taldetan banatuta
Agurtzane Núñez Yarza
Tolosaldeko saskibaloia sasoiko dagoela esan daiteke. Astebururo ikusle ugari gerturatzen dira Usabal kiroldegiko harmailetara partiduak ikustera eta astero ia 300 haurrek zein gazteek entrenatzen dute Takeko saskibaloi-eskolan zein federatutako taldeetan. «Denboraldi honetan hogeita bi talde ditugu, bost saskibaloi eskolako benjamin eta alebinenak eta hamazazpi federatuak, hamar mutilenak eta zazpi neskenak», azaltzen du Goar Artetxe, Takeko koordinatzaileak eta mutilen lehenengo taldeko entrenatzaileak. Taldea 1988 urtean sortu zen, hasierak mutilena bakarrik, eta duela hamabost urte sortu ziren nesken taldeak. Haz-kuntza ikaragarria izan da, 2000. urtean lauzpabost talde bakarrik zituztela kontutan hartuta.
«Nesken arloa urtetik urtera indartsuagoa da. Iaz senior taldeak mailaz igotzea lortu zuen eta Gipuzkoan jokatzetik Euskadi mailan jokatzera pasa dira», dio. «Oraindik ez daukate mutilek jokatzen duten ligatan jokatzeko aukera, baina kontutan izan behar da duela hamabost urte sortu zela taldea, mutilenak 36 urte daramatza», azpimarratzen du, denbora gutxian lortutako emaitzak balioan jarriz.
Bai nesken zein mutilen taldean aurtengo helburu maila mantentzea izango dela aitortzen du, «denboraldia nahiko ilusionantea da. Kategoria berria izanda, nesken helburua permanentzia lortzea izango da. Mutilena ere bai, maila mantentzea izango da, oso talde indartsuak daudelako gure ligan, Tercera FEB izenekoa. Espainia iparraldeko taldeen aurka jokatzen dugu, Valladolid, Burgos, Santander, Logroño… hiri handiak dira, Tolosa herri txikia da aldean. Santanderren, adibidez, hiru jokalari kanpotar profesionalak dituzte eta gureak unibertsitatean ikasten ari dira edo beren lana daukate».
Talde gaztea
Urte hauetan guztietan harrobi zabala osatzea lortu dute Takeko kideek, eta lehen taldeaz gain, senior mailako beste hiru dituzte. «Filialek klubeko pertenentzia hori oso barneratuta daukate. Saskibaloira jokatzeaz gain eta disfrutatzeaz gain, partaide izatea beste gauza batzuk aportatzen dizkio jendeari eta ez ditugu hutsune horiek urte batetik bestera», dio.
Jokalari guztiak Tolosaldeko herrietakoak dira bi goierritar ezik. «Gurekin jokatu nahi dutelako etorri dira, ez ditugu fitxatu. Klubak kanpoan duen ikuspegiagatik, daukagun giroagatik eta funtzionamenduagatik etorri dira, zeozer ondo egiten ari garen seinale».
Aurtengo denboraldiko taldea nahiko gaztea da, «urte batzuetarako taldea dugula uste dut, eta talentu eta kalitate handia dute. Gauden mailan jokatzeko exigentzia handia da, eta ez dira profesionalak», azpimarratzen du Artetxek. Izan ere, astean hirutan dituzte entrenamenduak maila guztiek eskola kirolekoek ezik, eta asteburuan partiduak.
Bi profesional
Klubeko bi jokalari profesional izatera ere iritsi dira: Lander Lasa eta Gaizka Maiza. Biak gainerako jokalarientzako erreferente bihurtu direla dio. «Gure lehenengo taldea erreferentea da klubean, jende asko joaten da partiduak ikustera. Eta Lander eta Gaizkaren kasuan, Gipuzkoa Basketera iritsi direnak, gazteek ikusten dute saskibaloia ez dela Tolosan bukatzen. Zure maila ona bada, aukera edukiko duzula gorago iristeko, eta klubaren erraztasun guztiekin, gainera».
Zentzu honetan, zehazten du «azken urteotan guztion artean estruktura txiki bat egiten ari gara Gipuzkoako saskibaloiarekin. Gorrela, Tolosako jokalari batek maila ematen badu aukera eduki dezan Azpeitiko Iraurgira joateko, eta bertan maila ona erakusten badu, Gipuzkoa Basketera joateko. Guk ez diogu inorri mugatuko goiko maila batera igo nahi badu, eta gero bueltatu nahi badu, ateak beti irekita edukiko ditu».
Egitarau betea
Saskibaloi taldearen ohiko egutegiaz gain, urtean zehar ere hainbat ekitaldi antolatzen dituzte kirol hau ezagutzera emateko. Ikasturtean zehar bailarako eskoletara joaten dira, eta udan saskibaloi kanpusa antolatzen dute gazteentzako. Gainera, «Gabonetan eta Aste Santuan teknifikazioak antolatzen ditugu eta ekainean, sanjuanetarako 3×3 txapelketa antolatzen dugu Tolosako kaleetan, aurten 25.a izango da», dio.
Horrez gain, azken zortzi urteetan garagardo azoka antolatu izan dute urriko hirugarren asteburuan. «Aurretik kiroltalde ezberdinek antolatzen zuten, eta beraiek utzitakoan erreleboa hartu genuen. Jende asko mugitzen du eta klubarentzako diru-iturri garrantzitsua da, laguntzaileen eta erakundeen diru-laguntzekin batera, taldea aurrera ateratzeko».
Si quieres recibir la revista Txantxangorri cada mes y leer los contenidos antes de que se publiquen online, puedes suscribirte aquí.
Si te ha gustado síguenos en X, Facebook e Instagram para seguir disfrutando de nuestros contenidos. Además, si quieres hacernos llegar alguna propuesta o informarnos de algún evento puedes escribirnos a txantxangorri@txantxangorri.info. |