Zain ditzagun enarak

Enarak

Zain ditzagun enarak

Garai batean baserri bakoitzak zeukan bere enara bikotea, gaur egun zorionekoak hori esan dezaketenak

Mikel Olano, basozaina

Enarak, hegazti txiki eta dotore hauek arruntak ziren garai batean gure artean. Gaur egun ez dago halakorik, azken hamarkada hauetan beraien populazioak beherakada nabarmena jasan du.

Ezer baino lehenago goazen argitzera zenbat enara mota ezberdin ditugun gure artean. Seguru nago gehienok ezagutzen dituzuela baino agian ezberdindu ez. Hiru dira arruntenak gure artean: Enara arrunta (Hirundo rustica), Enara azpizuria (Delichon urbica) eta Sorbeltza (Apus apus). Baita ere aurkitu genitzake Haitz enara (Ptyonoprogne rupestris) harkaiztiari lotua eta Uholde enara (Riparia riparia) ibaiei lotua. Azken urte hauetan gurean kumatzen hasi dira Enara ipurgorria bikote batzuk ere.

Afrikara migrazioa

Espezie hauetatik bat ezik (Harkaitz enara) gainontzekoak migratzaileak dira. Negu partea Afrikan ematen dute eta udaberrian, umatze garairako, gure artean ditugu.

Orokorrean urte gutxitako bizia izaten dute, bi edo hiru urte. Eltxo eta euli jaleak dira. Egunean 2.000 eltxo-euli jan ditzakete. Tamainari dagokionez 15-20 zentimetro tartean ibiltzen dira, Sorbeltzak zertxobait handiagoak izaten dira.

Esan bezala hiru espezie hauek udaberrian ailegatzen dira gurera negua Afrikan pasatu ondoren. Martxo hasieran lehen Enara arruntak eta azpizuriak ikus genitzake. Sorbeltzak beranduago ailegatzen dira. Harrigarria badirudi ere urtero aurreko urtean erabilitako habira bueltatzen dira. Hauek ez dute GPS eta antzekorik baina lortzen dute beraien txokoetara ailegatzea.

Lehen aipatu bezala beraien populazioak beherakada nabarmena jasaten ari dira. Zer dela eta? Seguruenik faktore askoren pilaketa izango da. Afrikan ez dute egoera samurra izango eta guk ere ez diegu asko laguntzen gurera etortzen direnean. Hemen arrazoi batzuk:

  • Leku askotan pestizida eta antzekoak erabiltzen dira eltxo eta eulien aurka eta horrek ez die inolako onurarik ekarriko.
  • Landazabala eta baserri ingurua galtzen ari da. Elikatzeko behar dituzten inguruak eta habiak egiteko behar dituzten ukuilu eta arrakalak gero eta murritzagoak dira. Garai batean baserri bakoitzak zeukan bere enara bikotea, gaur egun zorionekoak hori esan dezaketenak.
  • Eraikin zaharrak bota egiten ditugu eta berriak eraiki habiak egiteko inolako aukerarik eman gabe.
  • Aldaketa klimatikoak ere izango du eragina.
  • Eta hau dena gutxi balitz, zuzenean habiak suntsitzen ditugu.

Azken arrazoi honi heldu nahi diot nahiz eta aurrekoak oso garrantzitsuak izan. Gezurra badirudi ere gaur egun oraindik ohikoa da kabiak suntsitzea. Bazterrak zikintzen dituzten argudioarekin habiak behera botatzen dira. Behin baino gehiagotan ikusi genitzake kaleko etxeetako aleroetan kumatzen diren Enara azpizurien habiak lurrean.




Ekintza hau erabat debekatuta dago. Aipaturiko hegazti hauek babestuak daude bai Europa mailan, bai Estatu mailan eta bai Komunitate Autonomo mailan. Beraz ezin dira beraien habiak suntsitu nahiz eta hutsik egon eta arraultza edo kumeekin baldin badaude, zer esanik ez. isunak handiak dira.

Bazterrak zikintzen dituztela (zirina) ezin daiteke aitzakia bezala erabili. Guk bai bazter guztiak kakazten ditugula lotsa gutxirekin eta inork ez digu ezer esaten, etxerik suntsitzen.
Kontutan hartu behar da 5.000 kilometro egiten dituztela gurera etortzeko. Habia egiteko mokoan lokatza hartu eta 1.000 buelta inguru egiten dituztela eta egunean 2.000 eltxo-euli jateko kapazak direla. Eta guk nola eskertzen diegu? Habiak lurrera botaz balkoia, ataria, portxea eta antzekoak zikintzen dizkigutelako. Lotsarik ez… guri ere gauza berdina egingo baligute…

Badakit ez dela atsegina bazterrak zikinduak ikustea eta amorrua eman dezakeela horrek baina badira irtenbideak ere, eta ez hain konplikatuak gainera. Nahikoa izaten da kabi azpietan xafla edo antzekoren bat jartzea zirinak eta abar ekiditeko.

Enarak kalteak baino onura askoz gehiago ekartzen dizkigute. Bizi lagun dotore eta atseginak ditugu. Zer dago ederragorik udaberrian bere kantu zoragarriak entzutea baino eta hainbeste lan egin ondoren umeak nola hegatzen diren ikustea baino.

Udazken aldera talde handietan bildu eta agur esan ondoren utziko gaituzte eta gauzak ondo joan badira hurrengo udaberrian berriro ate joka izango ditugu ‘hemen gara!’ txiokatuz. A ze poza aurrenekoz ikusten ditugunean. Zoritxarrez gero eta gutxiagotan gertatzen da hori. Zain ditzagun bada.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta