Zenbat okil mota ezagutzen dituzu?

Okil handia. Mikel Olano

Zenbat okil mota ezagutzen dituzu?

Gipuzkoan basoak goraka egin duen heinean okilen espezie eta kopuruak ere goraka egin du

Mikel Olano, basozaina

Okilak betidanik iruditu izan zaizkigu hegazti bereziak. Alde batetik enborretan ibiltzeko gaitasun hori, bestetik habia egiteko moduarengatik. Zuloak egiten dituzte enborretan eta bertan ateratzen dituzte kumeak. Elikatzeko duten modua ere ez da ohikoa. Beraien moko sendoa erabiliz enborren azpian eta egurrean dauden zomorro eta beldarrez elikatzen dira. Horretarako ez ohiko mingaina dute, oso luzea. Itxura ere oso berezia dute, moko sendoekin eta isatsa lagungarri, gisara erabiltzen dute enborretan gora egiteko. Koloreak ere oso deigarriak izaten dituzte.

Gure lurraldean, Gipuzkoan, basoak goraka egin duen heinean okilen espezie eta kopuruak ere goraka egin du, gehienak behintzat. Basoaren azalera handitzearekin batera bertako zuhaitzak ere gero eta helduagoak dira eta hildako egur gehiago dago basoan.

Baina, ezagutzen al ditugu gure baso eta landa zabal ertzetan bizi diren okilak? Adineko jendeak batzuk bereizten ditu. Batzuk ‘pinttarrak’ omen dira, hau da, txuri beltz kolorekoak. Batzuk besteak baino handiagoak. Ba omen da beste okil mota bat kantatzen duenean euria eskatzen duena. Beste batzuk gereziak jaten amorratuak direnak.

Hegan egiteko modua ere zelebrea dute, ez dira zuzen joaten beste hegaztiak bezala. Ondulazioak eginez bezala joaten dira. Kantua ere oso berezia izaten dute.

Hau dena gutxi balitz, esan genezake txalaparta ere beraiek asmatu zutela. Ohikoa izaten da mokoekin enborren kontra ateratzen dute soinua entzutea, batik bat araldia edo zelo garaian.

Ikusten duzuen bezala, badira hainbat kontu eta esamesa gure okilen inguruan.

Ondorengo lerroetan saiatuko naiz gure artean ohikoenak diren okil motak deskribatzen. Hauek dira: Okil txikia (Dryobates minor), Okil handia (Dendrocopos major), Okil berdea (Picus sharpei), Okil beltza (Dryocopus martius) eta, azkenik, okilen itxura handia ez badu ere familiakoa dena, Lepitzulia (Jynx torquilla).

Hauek denak urte osoan lurraldean mantentzen dira bat izan ezik, Lepitzulia. Udaberrian etortzen zaigu umatzera.




Badira beste bi espezie gure lurraldetik gertu bizi direnak. Bata Okil ertaina ( Leiopicus medius). Espezie hau Araba eta Nafarroan bizi da, batik bat hariztietan. Gurean aleren bat noizik eta behin ikusi izan da.

Bestea Okil gibelnabarra (Dendrocopos leucotos). Hau batik bat Nafarroako pagadietan bizi da. Orain arte eskasa, azken urte hauetan gorakada nabarmena egin du bere populazioak. Ez nintzateke batere harrituko bikoteren batek Gipuzkoan umatuko balu. Azken aipuak Leitza eta Aralar inguruan kokatzen dute.

Aurrez esan bezala gure artean ohikoak diren okilak aztertuko ditugu, azken bi hauek ez. Azterketa xume bat egingo dugu ezaugarri nagusienak adieraziz. Tamainaren arabera joango gara deskribatzen. Txikienetik handienera.

Espezie hauek guztiak babestuak daude bai Erkidego mailan bai Estatu mailan.

Artikulu osoa papereko alean irakurri dezakezu. Ohiko lekuetan aurkitu dezakezu edota, Txantxangorri etxean jaso nahi baduzu, egin zaitez harpidedun.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta