Zuhaitzen eraztunen liburu irekia
Zegamako parketxean Imanol Artolak osatutako 1.550 zuhaitz-lagin ikus daitezke
Agurtzane Núñez
Haritza, pagoa, lizarra, urkia, gereziondoa, sagarrondoa, gaztainondoa… zenbat zuhaitz gehiago zerrendatzeko gai gara? Munduan 100.000 mila zuhaitz eta zuhaixka inguru existitzen direla kalkulatzen da. Horietatik 1.550 laginen bilduma osatu du Imanol Artola basozain ohiak, Zegamako Anduetza parketxeko erakusketan ikusi daitekeena.
Artola 1995ean hasi zen zuhaitzen enbor-pusketak gordetzen eta zazpi urte inguruz egon zen buru-belarri erakusketaren oinarria osatu arte. «Hasiera Arrasateko jauregi bateko lorategiko bi zuhaitzekin egin nuen. Lorategia ia sasiz hartuta zegoen eta oinordekoetako batek garbiketa lanak egitea eskatu zuen. Debagoieneko basozain nintzenez, lanak gainbegiratzera joateko eskatu zidaten, zuhaitz bereziren bat egoten delako beti. Lehenengoa Txinako kuningamia bat izan zen. Zuhaitza erorita zegoen eta arraroa zenez, pusketa bat gordetzea pentsatu nuen», gogoratzen du. Gertu, Nepaleko nekosta bat zegoen adar bat hautsita zuena, eta adarra moztu ondoren, pusketa bat ere gorde zuen.
Pixkanaka, zuhaitz eta zuhaixketan zuen interesa handitzen joan zen eta bere lanarengatik bisitatzen zituen basoetan enbor zatiak hartzen joan zen. «Hasieran normalenak lortu nituen, pagoa, haritza, pinua, eta abar, eta denborarekin, jakiten banuen zuhaitz bereziren bat bota behar zutela, bila joaten nintzen. Orain 173 zuhaitz mota inguru daude, gutxi batzuk faltako lirateke Euskal Herriko guztiak osatzeko», azaltzen du Imanol Artolak. Gehienak Debagoiena inguruan lortuak dira eta gainerakoetatik batzuk Gipuzkoan baina Araban eta Nafarroan ere hartutakoak baditu. «Zuhaitzak botatzerakoan baso-mutilei eskatzen nien zati batzuk gorde-tzeko. Falta zaizkidan zuhaitzetatik hain ale gutxi daude, ez dudala nahi enborrik moztu», dio.
Bertako zuhaitzez eta zuhaixkez gain badaude bilduman exotikoak, hau da, kanpotik ekarritakoak, horien artean Douglas izeia, sekuoia, zedroak, alertzea eta lorategietakoak, berriz, palmondoa, magnolioa, likidanbarra, eta abar.
Anduetza parketxeko erakusketan bertako zuhaitzek dute protagonismoa. «Enbor zati bakoi-tzari bi mozketa egiten dizkiot, bata trontzako kortea, zati borobila lor-tzeko, eta bestea bertikala, barrutik nolakoa den erakusteko: azala, beteatua, muina, giharra, gizena, kolorea, eraztunak… ikusi daitezke. Hasieran ez nion tratamendurik ematen egurrari ikusteko zer eragin zuen egurrean ilargiak, baina erakusketa jartzerakoan batzuk pipiak jota zeuden eta, nola ezer garbirik ez nuen ikusten ilargiarekin, erabaki nuen enbor guztiei tratamendua ematea kontserbatzeko».
Enborren eraztunak begiratuta argi ikusten da zuhaitzaren hazkuntza nolakoa den. «Badaude hazkuntza azkarrekoak, ertainekoak eta motelekoak. Hazkuntza azkarrekoek, pinuak adibidez, eraztunak oso bereizita dituzte elkarren artean, eta hazkuntza motelekoak bata besteari ia itsatsita dituzte», azaltzen du. «Enborrak mozterakoan konturatzen joan nintzen egurraren kalitatearekin ere zerikusia duela horrek. Hazkuntza azkarrekoak kalitate kaxkarragokoak dira. Sutan adibidez, oso erraz erretzen dira». Bestalde, «hazkuntza motelekoak lan egiteko kalitate gehiago daukate. Zerbaitengatik erabiltzen zen antzina haritza baserriak egiterakoan. Bestalde, hazkuntza ertaineko frutarbola oso estimatuak dira altzariak egiteko, gereziondoa, intxaurrondoa, eta abar», azpimarratzen du Artolak.
Mundu guztiko egurrak
Enbor-mota guzti horiez gain, mundu guztiko txokoetatik ekarritako egur-laginak daude xilotekan. Xiloteka zuhaitz eta zuhaixka espezie ezberdinen egur-muestra bilduma da, eta ikerketarako erabiltzen dira. «Mundu mailan badago elkarte bat egur aleak gordetzen dituzten per-tsonek osatuta. Bertako kide zen Manuel Soler eta 5.000tik gora aleko xiloteka osatu zuen», azpimarratzen du Artolak.
Laginak elkarteko kideekin egindako trukeen bidez edo herrialde ezberdinetako bizilagunek bidalitako zatien bitartez lortu ditu. Imanol Artolaren xilotekan ikusi daitezke, adibidez, «Australiako aizkolari batek bidalitako, basamortutik ateratako 60 espezie desberdinetako muestrak; Mexikoko Xalapako unibertsitatetik bidalitako muestrak; Hondurasko zerrategi batetik bidalitakoak; Brasilgo Mato Groso presa handi bat zaintzen aritzen den zaindari batek bidalitakoak; edota Aiako Laurgaingo arboretotik lorazain Rafak eta Paco Garin teknikariak lortzen dizkidaten egur-muestrak, baita nik eta nire lagunek egiten ditugun bidaietatik ekartzen ditugunak».
Artolarena ziurrenik Gipuzkoako zein Euskal Herriko xiloteka bakarrenetakoa izango da. Munduko xiloteka osoena Estatu Batuetako Yale unibertsitatean dago, «65.000 egurretik gora dituzte. Gero, Europan, Belgikako Afrikako Errege Museokoak pixka bat gutxiago ditu», azaltzen du.
Berari, falta dituenen artean, baten bat aukeratzekotan, Wollemia nobilis zuhaitzaren lagin bat edukitzea gustatuko litzaioke. «Duela hogeita hamar bat urte deskubritu zuten basozain batek Australian. Wollemia izena hizkuntza aborigeneko ‘wollumni’ hitzetik dator eta ‘zure inguruan begiratu’ edo ‘adi egon zure pausoei’ esan nahi du. Nobilis aurkitu zuen basozainarengatik da, David Noble. Altxor bat izango litzateke Zegamako xilotekan horren muestra bat eduki-tzea». Hala ere, laburbiltzen du: «Oso aberasgarria izaten ari da zuhaitzak barrutik ezagutzea».
Pingback: Txantxangorri 128 alea - Txantxangorri Aldizkaria